Emaitzak aztertzeko unea
Hauteskunde eguneko biharamunean, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen eskualdeotako ordezkarien balorazioak jaso ditugu.
Hego Euskal Herriko emaitzak hobetuta, EH Bilduk bost diputatu izango ditu Kongresuan. Bizkaiko zerrendako bigarrena izan den Idurre Bidegurenek ez du eserlekua lortu, baina, emaitzekin “oso gustura daudela” azpimarratu du. Markatuko helburuak bete dituztela adierazi du bermeotarrak: “Parte hartzea jaitsi arren, EH Bilduk botoetan gorantz egin du. Hori oso positiboki baloratzen dugu. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ordezkaritza lortu duen alderdi bakarra gara eta hori ere pozik egotekoa da. Estatu espainiarraren egoera horren aurrean, inboluzio antidemokratikoaren aurrean, autoritarismoa gero eta indartsuago dagoen egoera horren aurrean erantzun bat behar zela argi ikusi dute botoa eman diguten euskal herritarrek. Eta injustizien aurrean eta eduki ditugun sententzien aurrean egonezin eta haserre bat dagoela argi ikusi dugu gure indarrak gorantz egin duen neurrian”.
Indar subiranistak batzeko unea dela proposatu du koalizio abertzaleak. “Orain indar subiranistak batzea dator; hori da bidea. Inboluzioa dagoen momentu honetan eta autoritarismoak eta resentralizazioak gure autogobernua mehatxatzen duen une honetan, autogobernu hori eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko, bakarrik joan beharrean, indar subiranistak batuta joan behar garela ikusten dugu”, azaldu du Bidegurenek. Estrategia aldaketa hori proposatu dute, eta horrek emaitza onak eman dituela pentsatzen du: “Ez bakarrik EH Bildu, baizik eta estatu espainolean Llotja de Mar adierazpenagaz planteatu dugun bloke subiranistak indar gehiago lortu du. Bide horretatik joan behar dugu, eta ikusi dugu herritarrek erantzun egin digutela. Beraz, honek indarra ematen digu bide horretatik joateko”.
EH Bilduren botoek gora egin dute Bizkaian; %15a gainditu du: “Gutxi-gutxika gorantz joatea seinale ona da. Gainera, halako hauteskunde batzuetan. Hauteskunde errepikapen bat izan da, eta batzuei haserreak bozkatzera joatera eta haserre hori erakustera eragiten die eta beste batzuei haserreak etxean geratzera eroaten die. Beraz, arrisku handiko hauteskunde batzuk izan badira ere, EH Bilduk lortu du botoetan eta portzentai kopuruan gorantza joatea. %15a gainditzeak Kongresuan talde parlamentarioa edukitzeko aukera eman ahal digu. Horretarako probintzia guztietan %15a gainditzea beharrezkoa delako”.
Atzoko emaitzek alderdi subiranisten “indarra erakusten” dutela nabarmendu du bermeotarrak: “Argi ikusten da Katalunian, Galizian eta baita Euskal Herrian ere ezberdinak garela. Emaitzek berriro ere ebidantzia hori argi utzi dute. Behintzat estatu espainiarretik ikusten diren laino ilun horien aurrean, ilusio eta argi izpi batzuk erakusten dizkigu eta hori indarra emateko modukoa da”.
Elkarrekin Podemosek eserleku bakarra eskuratu du Bizkaian; apirilekoetan bi lortu zituen. Roberto Uriarte bermeotarra Espainiako Kongresuan egongo da, eta haren berbetan, “hemen ez da egon aldaketa handirik”. Gutxi gorabehera, aurreko hauteskundeetako emaitzak errepikatu eta “mapak lehengo moduan” jarraitzen duela dio: “Alderdi popularrak ez du lortu ordezkaritzarik, ez eskuineko hiru alderdiek. Aldaketa txikiena Bizkaian egon da; Mas Pais aurkeztuta, Elkarrekin Podemosek bere bigarren diputatua galdu du, EAJra pasatu da”.
Hauteskunde kanpaina hau eurentzat “markorik txarrena” izan dela gogora ekarri du Uriartek: “Alde batetik oso polarizatuta egon delako Kataluniako kasuan eta Frankoren familiaren eta fundazioaren inguruko errelatoan, eta horrek interesa desbideratu du. Horri buruz ikuspegi moderatua dugunok uste dugunak irtenbide hitzartu bat egon behar dela ez gara egon gure markorik onenan. Kaleko jendearen eskubideak eta beharrizanak dira guretzat garrantzitsuenak”.
Mas Paisen eraginaz ere mintzatu da. “Lehen aldiz badago zatiketa bat alderdian. Orain dela urte batzuetatik ikusten zen gaur ez bada bihar Errejonek beste alternatiba bat aurkeztuko zuela. Baina, hala eta guztiz ere gure ordezkaritzaren zatirik handiena mantendu dugu. Ez dugu kalte handirik jasan. Errejonen aukera oso-osorik desegin egin da”. Madrilen bi diputatu atera ditu Mas Paisek, eta Compromisek lehen zeukana ere mantendu du Galizian. “Probintzia askotan botoak galduarazi dizkigu. Bozken %2a atera du, baina kopuru hori guretzat garrantzitsua zen. Unidas Podemos eta Mas Paisen botoak kontatzen badira, Vox-ek baino 34.000 boto gehiago atera ditugu. Hirugarren indarra izateko aukera alferrik galdu da, eta nazio aniztasunaren eta eskubideen aldeko gobernu bat osatzera behartzeko”.
Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan ordezkaritza mantendu du koalizio moreak. Estatu mailan, “blokeen arteko harremanak edo orekak” berdin jarraitzen duela esan du Uriartek: “Ciudadanos hondora joan da, eta eskuinaren barruan birmoldatze bat egon da: Cidudadanosek galdu duenaren zati handi bat Voxera joan da, eta beste zati bat PPra. Baina, blokeen arteko emaitzak antzera jarraitzen dute. Logikoa denez, hilabete batzuetan ez da egon aldaketa handirik”.
“Demokrazia krisian dagoenean edo arazoak dituenean, demokrazia gehiagogaz konpontzen dira arazoak. Uste dut blokeoa deitzen den honek irtenbide erreza daukala: demokrazia gehiago”, zehaztu du Elkarrekin Podemoseko kideak. Alderdi sozialistak militanteen artean kontsulta bat egin behar duela uste du Uriartek, eta horrela erabaki dezatela noren eskutik joan nahi duten: “Alderdi popularraren edo Unidas Podemosen, gaitzespen mozioa aurkeztu zuten alderdien eskutik eskutik joan nahi duten erabaki behar dute. Erabaki hori militanteen esku utziz eta eurei galdetuz gero, uste dut erantzuna argia izango zela eta blokeoa berehala konponduko zela”.
EAJko Busturialdeko herritarrik ez da egongo Madrilen, baina, esaterako, Joseba Agirretxea ondarrutarrak diputatu izaten jarraituko du. Euskal Herri mailan eskuineko alderdiek ordezkari bat bera ere ez dutela edukiko garrantzitsua dela esan du: “Abstentzioa igo baldin bada ere, lehen indarra izateari eutsi diogu. Datuei dagokienez, ehunekotan emaitza hobeak lortu ditugu. Diputatu bat gehiago lortu dugu Bizkaian, eta hori berri oso ona da guretzako. Gizarteak erakutsi du atzera ere guregan konfiantza duela, eta Gipuzkoako kasuan ere oso ondo mantendu gara”.
Maria Dolores Etxano jeltzale ondarrutarrak ere senatari kargua hartuko du berriro, eta Vox-en gorakada nabarmenaz kezkatuta daudela dio: “Pozik gaude jaso ditugun emaitzekin. Azken hauteskundeetan senaturako oso emaitza lortu genuen, eta oraingoan ere bederatzi senatari edukiko ditugu; hiruna Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Egoera orain korapilotsua da. Euskal Herrian Voxek ez du ordezkaritzarik lortu, baina Espainia mailan eskuin muturrak lortutako ordezkaritza sendoak arduratzen gaitu”.