Parte hartzeak behera egin du Busturialdeko herrietan
14:00etarako jende gutxiagok eman du bere botoa apirileko haustekundeekin alderatuta; Muruetan eta Elantxoben bakarrik igo da parte hartzea.
Apirilaren 28ko emaitzekin Espainian gobernurik osatzea lortu ez, eta zazpi hilabetean bigarrenez Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte gaur.
09:00etan hauteskunde mahaietako ateak ireki ostean Busturialdeko herritarrak hautetsontzietan beraien botoa ematera hurreratu dira 20 udalerrietan; 37.947 dira gaurko hauteskundeetan boto eskubidea daukaten herritarrak.
Parte hartzea txikiagoa izan da 14:00etako datuek adierazi dutenez.Gernika-Lumon herritarren %43,4ak eman du botoa ordu horretarako; apirilean %47,2ak bozkatu zuen. Bermeon berriz, %43,3ak eman zuen botoa 14:00etarako apirilean; gaur %43,2ak egin du berbera.
Eskualdeko herrien artean Murueta eta Elantxobe izan dira parte hartzean gorakada izan duten udalerri bakarrak: Muruetan %41ak bozkatu zuen apirilean, eta gaur %46a hurreratu da hautetsontzietara; Elantxoben berriz, %48,5a igaro da gaur 14:00etarako, eta orain zazpi hilabete %44,8ak eman zuen botoa arratsalderako.
Espainiako datu orokorrei begira %37,92ak eman du botoa; apirilean %41,49a igarota zegoen hauteskunde mahaietatik. Hori horrela, lau puntu jaitsi da parte hartzea; Bizkaian zehazki puntu eta erdi inguru jaitsi da: 14:00etarako %41ak botoa emanda izan du,Ā apirilean %42,42ak berbera eginda zuenean. Busturialdean %19,22koa izan zen abstentzioa apirilean.
Eguraldi txarragaz, eskualdeko herrietan eguerdi aurretik gutxi izan dira botoa ematera animatu direnak. Gernika-Lumoko erdigunean, Foruan edota Muxikan, esaterako, 12:00etatik aurrera hasi dira herritarrak gehienak beraien hautetsontzietara hurreratzen.
Murueta, Arratzu, Busturia eta Sukarrietako mahaietako arduradunek eguerdia orduko parte hartzea txikiagoa zela zioten. Bermeon berriz, eguerdian ilara luzeak egon dira.
Berritasunekin. Alderdi politiko asko zerrenda berriztuekin aurkeztu dira gaurko hauteskundeetara. EH Bilduren Kongresurako zerrendan bigarrena da Idurre Bideguren bermeotarra Bizkaitik. Kongresurako zerrendan hautagaia izan zen apirilean, eta ez zuen behe ganbaran eserlekurik lortu. Oraingoan Bideguren senatari autonomikoa izateko proposatu du koalizioak.Ā
Bermeotik ere, Roberto Uriarte Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko zerrendaburua da lehenengoz; kongresuan diputatu kargua izandakoa da Uriarte.