Ezustekorik gabe, jeltzaleek lortu dituzte boto gehien Busturialdean
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, 12. 928 herritarrek eman dute EAJren aldeko botoa. EH Bildu izan da bigarren alderdi bozkatuena, 7.450 botogaz.
Apirilaren 28ko hauteskundeekin konparatuta, Espainiako eta Euskal Herriko beste udalerrietan modura, abstentzioak gora egin du eskualdeko herrietan ere. Emaitzetan aldaketa nabarmenik egon ez bada ere, parte hartzea jaistearen ondorioz, boto gutxiago eskuratu dituzte alderdi politikoek.
EAJren aldeko konfiantza agertu du gehiengoak, Busturialdean. 12. 928 boto batu ditu, eta EH Bilduk, ostera, 7.450. Jeltzaleek apirilean baino 486 boto gutxiago jaso dituzte, eta koalizio abertzalekoek 158. Apirileko hauteskundeetan modura, Elkarrekin Podemos izan da hirugarren alderdi bozkatuena, 2.435 botogaz.
Abstentzio altuaren beldur, etxean ez geratzeko deia zabaldu dute azken asteotan politikariek, baina, aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuta, gora egin du. A28ko bozketetan, % 19,22ko abstentzioa izan zen eskualdean, oraingoan, %24,28koa izan da. Busturialdeko parte hartze datu altuena Muruetak dauka; botoa emateko eskubidea zuten herritarren %84,80 joan da bozkalekura (apirilean Arratzu izan zen, %88koagaz). Ean eta Nabarnizen %80,79 eta %80ko parte hartzea eduki dute gaur, hurrenez hurren.
13.869 bermeotar zeuden botoa ematera deituta. %68,05eko parte hartzea egon da Bermeon; abstentzioak lau puntu pasatxo gora egin du. 4.742 herritarrek eman dute EAJren aldeko botoa. Koalizio abertzaleak 2.253 boto bildu ditu, eta Elkarrekin Podemosek 956. Orain dela zazpi hilabete, 4.908 boto lortu zituen EAJk, 2.355 EH Bilduk eta 1.185 Elkarrekin Podemosek.
Gernika-Lumon ere ez da gorabehera handirik egon. 13.167 herritarrek dute boto eskubidea. %26,34ko abstentzioa egon da; %22,43koa izan zen apirilaren 28an. 4.330 botogaz EAJ izan da alderdi bozkatuena ( apirilean baino 101 boto gutxiago), eta EH Bilduren aldeko botoa 2.253 gernikarrek eman dute (apirilean baino 359 boto gutxiago). 956 boto jaso ditu Elkarrekin Podemosek (apirilean baino 224 boto gutxiago).
Espainiako Kongresuan hirugarren indarra izango den Vox alderdi ultraeskuindarrak 76 boto lortu ditu Gernika-Lumon eta 43 Bermeon. Aurrekoetan 81 eta 48 lortu zituen, hurrenez hurren.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan EAJ nagusitu da, beste behin. Bizkaian EAJk lau diputatu lortu ditu Konfresurako, PSE-EEk bi eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bana. Beraz, azken alderdi horretako Roberto Uriarte bermeotarra Kongresuan egongo da, bigarrenez. Apirilekoetan, Bizkaitik bi ordezkari lortu zituen Elkarrekin Podemosek eta oraingoan bakarragaz geratu da.
Talde parlamentarioa. Hego Euskal Herriko emaitzak hobetuta, EH Bilduk talde parlamentarioa eskuratu du. 2016koetan bi ordezkari izan zituen Kongresuan, eta apirilekoetan kopurua bikoiztu zuten. Oraingoan, bat gehiago lortuta, bost diputatu joango dira Madrilera. Koalizio abertzalearen Bizkaiko zerrendako bigarrena izan da Idurre Bideguren Bermeoko alkate izandakoa, baina ez da Madrilen egongo.
Bestalde, Elkarrekin Podemosi Bizkaian kendutako ordezkaritzari esker, sei diputatu izatetik zazpi izatera pasatu dira jeltzaleak. Elkarrekin Podemosek lau ordezkari lortu ditu Hego Euskal Herrian.