"Ezin da historiaren erlojua atzeratu bipartidismoaren garaira"
Elkarrekin Podemosen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua da Robero Uriarte Torrealdai (Bermeo, 1960). Batzuek M15arekin hasi zen ziklo politikoa itxi edo amaitu nahi dutela esan eta 2016ko bozketetan laino artean zabaldutako argi izpia mantendu behar dela azpimarratu du.
2015ean idazkari nagusi kargua utzi eta orain lehen lerroan zaude berriro. Zergatik erabaki duzu itzultzea?
Momentu horretan erabaki nuen lidergoa uztea eta militante moduan jarraitzea. Azken urteotan militante moduan zerbait eskatu didatenean prest agertu naiz. Esaterako, aditu moduan autogobernu ponentzira joan nintzen, hemengo zuzendaritzak eskatuta. Oraintsu, Madrileko zuzendaritzak eskatu zidan Madrilerako aurkeztea eta baiezkoa eman nuen. Ez nago zuzendaritzan. Gauza desberdina da; gauza bat da alderdi baten zuzendaritzan egotea eta beste bat da ordezkari moduan gauza batzuetara joatea. Zuzendaritzan ez egotearen erabakia ez dut aldatu.
Sakontze demokratikoa, eskubide sozial eta ekonomikoen errekuperazioa eta nazio aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea dira zuen kanpainaren hiru ardatz nagusiak. Zer egingo duzue horiek lortzeko?
Estatuaren demokratikotasunean sakondu behar da. Estatuak akats edo oztopoak ditu arlo demokratikoan eta sozioekonomikoan. Krisiaren aurretik eta krisi estafa dena aprobetxatuz, murriztu edo galdu diren eskubideak berreskuratu behar dira, lanaren inguruko eskubideak eta kontraerreforma laboralen bitartez galdutako eskubideak, esaterako. Arazo nazionalentzako kontsentsu zabaleko bideak, hitzartutakoak behar dira, eta ez 155. artikuluaren aplikazioz edo indarraren erabileraren mehatxuarekin planteatzen diren irtenbideak. Irtenbide hitzartu bat behar da Kataluniako krisirako.
Pedagogia demokratikoa aitatzen duzue.
Espainia eta Euskal Herria pluralak dira nazionalki. Ikuspegi, nortasun, hizkuntza, kultura ezberdinak daude eta hori ez da konpontzen edo bideratzen indarragaz, baizik eta kontsentsu zabalen, negoziazioen eta akordioen bidez. Espainiako historian, lehen aldiz, Gobernuko presidenterako hautagai batek nazio aniztasunean eta erabakitzeko eskubidean sinistu eta defendatzen du. Botoak irabazteko balio duen lekuetan ez ezik, gauza bera defenditzen du galdu ditzakeenetan. Badago hautagai bat horretan pedagogia demokratikoa egin nahi duena, beste errespetu eta ikuspegi batekin.
Inboluzio demokratikoaren arriskuaz ohartarazi duzue.
Bai, horri aurre egiteko sakontze demokratikoa behar dugu. Ultraeskuindarren etorrerarekin argi ikusten da, baina hau lehendik dator. Zuzenbide penala eta kode penala gero eta gehiago gogortu dira. Proportzionaltasuna gero eta gehiago galtzen doa zuzenbide penala ezartzerakoan. Europan eta munduan ere gertatzen ari da, zoritxarrez. Ahulezia demokratikoa dago, eta segurtasunari indarra emateko gero eta joera gehiago. Legeak proportzioz aplikatu behar dira beti. Zigor penalak ahalik eta txikienak izan behar dira. Zigorraren helburua pertsona bergizarteratzea izan behar da.
Espetxe polika zelan ikusten duzu?
Oro har preso guztiak gizarteratzen saiatu beharko lirateke erakundeak, elkarbizitzarako bidea errazten. Ahalik eta eskubide gutxien murriztuz, gizarteratzeko erraztasunak eman behar zaizkie. Preso dauden bitartean euren familia eta lagunak ezin dira zigortuak izan. Espetxealdia euren etxeetatik ahalik eta hurbilen betetzea eta ahalik eta denbora gehien kartzelatik kanpo egoteko lan egiteko aukera edukitzea bermatu behar dira.
Erorien Aranean dauden euskal herritarrak hona ekartzeko egitasmorik sustatuko dozue?
Erreparazio justua eman behar zaie. Hildakoak ekartzeko eta familiek erabakitzen duten lekuan hobiratzeko aukera eman behar zaie, egindako kaltea errekonozitu eta memoriari ohoreak egiteko. Diktadorea hauteskunde garaian eta modu mediatikoan ateratzea ez zaigu egokia iruditu. Zoritxarrez frankistek eta ultraeskuindarrek etekina atera dute.
Emakumeen botoa eskatuz, ekofeminismoa aldarrikatzen duzue. Zer da?
Ekologiagaz lotutako gizakiaren beste ikuspegi bat eta emakumezkoek dituzten sentsibilitate batzuk politikagintzan eta bizitzan sartzea planteatzen ditu. Pertsonak ez gara neoliberalismoak planteatzen duen modukoak: superman antzekoak, oso lehiakorrak eta merkatu baten lehiatuz gauzak irabazten ditugunak. Zaindu egin behar da bizitza, gizakia, Ama Lurra eta planeta. Emakumeek gizonezkoek baino gehiago sakondu duten mundua ikusteko modu bat eta balore batzuk daude. Gizartea mugitzen duten printzioak edo helburuak aldatu behar ditugu.
2016ko hauteskundeekin alderatuta, zuen alderdiak botoak galdu ditu apirilekoetan hemen. Orain ze espero duzue?
Orduan ilusio handi bat sortu zen. Beste hauteskunde batzuetan beste alderdi batzuei botoa ematen zion askok Elkarrekin Podemosen aukeran kontzentratu zuen botoa. Laino artean argi izpi bat zabaldu zen. Argi izpi hori oraindik hor dago eta mantendu behar dugu. Batzuek M15arekin hasi zen ziklo politikoa itxi edo amaitu nahi dute. Aurreko urteetara itzuli nahi dute historiaren erlojua, bipartidismo turnistara. Badaude Madrilen laupabost diputatu dituzten alderdi txiki batzuk eta horiek ez dute oztoporik jarri Euskal Herriko gehiengoak nahi duen koalizio gobernu bat egiteko. Gobernu plural bat egiteko laguntzeko prest daudela esan dute. Baina gobernu hori baldintzatzea ez dago euren esku. Gurea bada talde indartsua; baldintzatu dezake. Oso momentu kritikoan gaude. 15Mak zabaldu zuen zikloa itxi eta eskubideen murrizketen ziklo batera itzuli gaitezke.
Mas Paisek Bizkaian zerrenda edukitzeak eragingo al dizue?
Eurek aprobetxatzeko indar nahikorik ez dutela lortuko diote inkestek. Ezkerreko alderdi bati kaltea baino ez die egingo. Guk botoak eta eserlekuak galdu ditzakegu, eskuineko alderdien mesedetan. Ez dute diputaturik ateratzeko aukerarik hemen.
Abstentzioaren beldur zarete?
Hedabide handi eta boteretsuak denak dira banketxeen jabetzapekoak, eta horiek etsipenaren markoa ezartzeko eta jendeari ilusioa kentzeko interesa dute. Jendeari esango nioke ilusiorik ez galtzeko. Bozkatu dezatela nahi dutena, baina jakin dezatela boteretsuek, aberatsek, gizartearen barruan indartsuak direnek ez dutela botoen beharrizanik. Badituzte euren ahalbideak presionatzeko, gizartearen gainetik erabakiak ezartzeko. Bruselatik, Madriletik leku guztietatik gainerakoon interesen kontrako erabakiak sartzen ari dira. Etxean geratzen denak edo kaleko pertsonok erakundeak boteretsuen, eskuindarren esku uzten baditugu gure interesen kalterako izango da.
Inkestek diote PSOE izango dela alderdi bozkatuena. Emaitzak errepikatu edo antzekoak badira, oraingoan akordioa lortuko dutela uste al duzu?
Eskuineko alderdiek zein alderdi sozialistak eta Elkarrekin Podemosek akordioak lortu dituzte udal eta autonomia erkidego askotan. Erresistentzia egiten duen bakarra dago. Lehenengoan ez du nahi izan, baina, gauzak ez dira lortzen beti lehenengoan. Sanchezek ezin die besoa okertu beste gauza batzuk bozkatu dituzten herritarrei. Euren botoen ordezkariokin batu eta hitz egin behar du. Bakoitzak bere proportzioa errespetatuz, elkarren arteko gobernu bat osatu ahal dugu. Ziur nago egin daitekeela. Sanchezek azkenean amore eman beharko du. Konturatu egin beharko da ezin dela alderdi bakarreko gobernurik egin, gizarteak ez duelako horrela bozkatzen, lehengo moduan. Ezin da historiaren erlojua atzeratu bipartidismoaren garaira.