"Euskal haserrea ezin da etxean gelditu"
Zerrendaburua da berriz ondarrutarra Gipuzkoatik. Apirilean lortu zuten babes zabala berresteko asmoa daukate, euskaldunen premiak Madrilen aurkezten eta defendatzen jarraitzeko.
Zer helburu dituzue hurrengo lau urteetarako?
Herri honek ahots propio bat merezi du, eta ahots propio horren beharrak eta eskakizunak ordezkatzeko aukerarik onena Eusko Alderdi Jeltzalea dela deritzot. Herri honen eskakizunen ordezkari izan nahi dugu Madrilen. Estatutu bat daukagu, eta estatutu hori bete beharra dago. Baina ez gara horrekin bakarrik konformatzen, herri honek etorkizunera begira behar dituen aukera berriak zabaltzeko unea dela uste dut, eta horretarako, duela 40 urte onartutako akordio bat berrikusi behar da.
Kanpaina aurkezterakoan garai konplikatuak datozela esan zenuten.
Espainiako gizartean geroz eta eskumaratze handiagoa dagoela ikusita, itun ekonomikoa edo euskal agenda arriskuan jartzea zilegia litzateke. Espainiako nazionalismo gogorrena berriro indartzen ari da, eta hori ez dator gure alde.
Urtebetean bigarren hauteskundeak ditugu. Askori hainbeste aldiz bozkatu beharrak nagia eragin diezaioke.
Hauteskunde hauek ez dira egingo tokatzen direlako, batzuen erantzukizun eta gaitasun ezak errepikarazi ditu. Horren aurrean gizarteak duen haserrea eta gogaitasuna ulergarriak dira. Baina horren aurrean ezin gaitezke etxean gelditu. Etxean gelditzea politikagintza mota hori egin dutenei arrazoia eta aukera berri bat ematea izango litzateke. Euskal haserrea ezin da etxean gelditu, euskal haserrea boto abertzalea izan behar da, eta aukerarik onena Euzko Alderdi Jeltzalea da. Haserre hori boto aktibo bihurtu behar da, egoera honetara eraman gaituztenei protesta modura aurkezteko.
Azken agintaldiak oso aztoratuak eta gorabeheratsuak izan dira. Hauteskundeak errepikatu beharrak zer suposatzen du?
Ondarroan esaten den modura, beharleku handi bat eragin du. Oso garrantzitsua da estatu espainolean egonkortasun politiko bat egotea. Egonkortasun ezak, bestela, gu ere arrastaka eramango gaitu. PSOEren eta Unidas Podemosen eskutan egon da gobernua eratzea, baina ez dute aukera hori aprobetxatu. Hauteskunde hauek batzuren politikagintzaren porrota erakusten dute. Aldi berean, hauteskundeak galdu zituztenei beste aukera bat ematen zaie; eskuinari beste aukera bat ematen zaio birrantolatzeko eta emaitza hobeak lortzeko. Eta horrek euskaldunontzako ez dakar ezer onik.
Oraingoan, gobernua osatuko da?
Lotsarik baldin badute, gobernua osatu beharko litzatekeela uste dut. Baina batzuen helburu pertsonalak ez badira betetzen hirugarren hauteskunde batzuetara joateak ez ninduke harrituko.
Pentsiodunek hilabeteak daramatzate kaleetan protestan. Zer neurri eskatuko duzue?
Rajoyren aurrekontua onartzeko KPIaren igoera guk proposatu genuen, eta horrek euskal pentsiodunei ezeze, estatu guztikoei ere onura ekarri die. Aurrera begira egoera hobetu nahi baldin badugu, pentsio duin eta hobeak lortzeko lanean jarraitu behar dugu. Estatutuak dio gure eskumenak direla gizarte segurantza eta pentsioak kudeatzea, eta horregatik euskal sistema propio baten transferentzia aldarrikatzen jarraituko dugu.
Azken bi legegintzaldietan Kataluniako prozesuak zeresan handia eduki du. Hauteskundeak Kataluniak baldintzatuta etorri litezke?
Kataluniako egoera hor dago, eta hori ezin daiteke eragotzi. Espainiako estatu osaketan dagoen errealitate bat da. Espainiak, hain zuzen, plurinazionaltasuna ondo josi gabe dauka, eta horri ez dio aurre egin. Estatu horren aldaketarako oso garrantzitsua da bai Euskal Herria edo Katalunia moduko nazioen errekonozimendua. Espainiak, azken batean, arazo konstituzional bat dauka, eta horri erantzun bat eman behar dio. Eta erantzun hori eman behar du elkarrizketaren eta negoziazioen bitartez, eta herriari hitza emanda. Errealitate hori ez da itzaliko sententzia batekin, errepresioaren bidez ezta 155a aplikatzearekin ere. Eta Espainiako estatuak begiak estalita arazoa desagertu egingo dela pentsatzen badu, engainu handi batean erortzea da.
Francoren gorpuzkiak Erorien Haraneko hobitik atera dituzte. Zoritxarrez, frankismoaren biktima izan ziren 1.231 euskaldunen gorpuzkiek bertan jarraitzen dute.
Memoria Historikoaren Legea goitik behera betetzeko eskatzen jarraituko dugu, gure aurrekoen omenez. Batzuen senideek zuzenean eskatu dute euren familiakoen gorpuzkiak ateratzea, eta Sanchezi erantzuna emateko eta gorpuzkiak ateratzeko eskatu nahi diogu. Berak emandako berba betetzeko exijituko diogu.