"Egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egin"
Bizkaitik Senaturako hautagaia da lekeitiarra lehen aldiz. Madriletik ere Euskal Herriaren aldeko lan asko egin daitekela dio, eragina duten erabaki asko bertan hartzen direlako.
Azaroaren 10eko hauteskundeak euskal gizartearentzat aukera bat direla dio EH Bilduk, zergatik?
Inboluzio demokratiko baten aurrean gaude, oinarrizko eskubide eta askatasunak murrizten ari direlako Madriletik. Espainiako “ezkerreko” alderdiek, batez ere PSOE eta Elkarrekin Podemosek arduragabe jokatu dute, eta huts egin diote hainbat bozkatzaileri, ez dira-eta gobernu akordio batera heldu, ezer aldatzeko duten ezintasunagatik. Izan ere, Espainiako Estatua ezin da demokratizatu. Orain aukera daukagu erabakigarriak izaten jarraitzeko eta Madrilen euskal herritarron ahotsa behar den bezala entzun eta arazo sozial, politiko eta zibilei irtenbidea emateko.
Pedro Sanchezek eta PSOEk kontrarreforma antidemokratikoaren bidea hartu nahi dutela diozue. Ze bide jarraituko duzue hori galarazteko?
Hasieratik esan dugu, egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egin. Premisa hau kontuan izanda, euskal herritarren eskubide zibil, politiko eta sozialak urratzen diren heinean aurrean izango gaitu alderdi sozialistak. Euskal Herritarron eta Kataluniako herritarren autodeterminazio eskubidea defendatzera goaz, gure autogobernua defendatzera, Espainiako eskuin autoritarioa gelditzera, eskubide sozialak babestu eta errespetaraztera (pentsioak, enplegua, hezkuntza, etxebizitza…), datozen murrizketa sozial eta ekonomikoei aurre egitera, eta azkenik, preso eta erbesteratu politikorik egon ez dadin lan egitera. Beraz, PSOEk aukera dauka bide honi guztiari ekiteko edo eskuin edo ultraeskuinagaz bat egiteko.
Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana ezinbestekoa izango da?
Dudarik gabe. Aurreko legegintzaldian ere ERC eta BNGgaz akordio estrategikoa lortu genuen, gure nazioak babestu eta elkarlanean gure herritarrren interesak defendatzeko, izan ere, batuta gehiago garelako. Orain gutxi ere, urriaren 25ean, La Llotja de Marreko adierazpena sinatu genuen Herrialde Katalanetako eta Galizako indar subiranista eta independentistekin batera, besteak beste, autodeterminazio eskubidearen inguruan elkarlana bultzatzeko, geure ekimen politiko guztien izate demokratikoa eta bakezalea bultzatzeko, askatasun politiko, zibil eta sozialak defendatzeko eta preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera bultzatzeko. Deigarria da adierazpen hau, besteak beste, BNG, ERC, CUP, Junts per Catalunya eta Partit Democrata – PDCATek sinatzea, eta, aldiz, EAJk ez egitea, horretarako jarritakoa argudioa ez dela adierazpen konstruktiboa izanik. Herri honi azaldu beharko dio zergatik ez den konstruktiboa eta sinatutako adierazpenetik zein puntugaz bat egiten ez duen. Guk argi daukagu bidea batzea dela, beraiek zertan dabiltza? Historikoki, beraien bazkide politikoa izan den PDCATek ere sinatu du, eta beraiek? Norekin daude?
Altsasuko gazteen edota espetxean dituzten Kataluniako ordezkari politiko eta independentisten egoerak baldintzatuta datoz hauteskundeak.
Argi ikusi da, bai egoera bata zein bestea injustizian oinarrituta daudela. Taberna baten gertatutako egoera batengatik ia 10 urtetako kartzela zigorra? Herriari hitza ematearren beraien buruzagiei guztira ia 100 urteko kartzela zigorra? Gure ahotsa entzungo dute, eta behar den instituzio guztietan egoera hauek eta etorri daitezkeenak salatuko ditugu. Europari erakutsiko diogu Espainiako Estatuan ez dagoela demokraziarik.
Erorien Harana hizpide izan da azken asteetan.
Bai, zoritxarrez ikusi izan dugu Frankismoak gaur egun ere pil-pilean eta bizirik jarraitzen duela. Pedro Sanchezek saldu zigun Franco diktadorearen momia aterako zuela, izan ere, biktimei umiliazioa zela leku horretan egotea. Bueno, ba 40 urteren ondoren, hori lortu da, biktimen irain bihurtu da espektakulu guztia, estatu ohoreak emanez atera dutelako, eta hori salagarria da guztiz. Momia ateratzea erraza da; Frankismoa erakundeetatik ateratzea zailagoa, eta hori da lortu behar duguna.
Madrilen egiten den politikak nola eragin dezake Bizkaian?
Guretzat garrantzitsuak diren erabaki asko Madrilen hartzen dira, Madriletik inposatzen dira. Beraz, Madrilera joan behar gara esateko hemen herri bat dagoela, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabaki nahi duela, eta gure eskubide nazionalak, sozialak eta politikoak defendatzeko.
Herri mailako politikagintzan urte asko daramatzazu beharrean. Eskarmentu handia daukazu. Zer eskaini dezakezu Madrilen?
Gurea talde lana da, eta gobernuan zein oposizioan gauden erakunde guztietan zein kalean erakutsi dugu badakigula gauzak egiten, gauzak beste modu batera egiten, herritarrak eta euren eskubideak erdigunean jarriz, inolako elite ekonomiko zein politikok baldintzatu eta presionatu gabe. Madrilen indartsuak izan behar gara, EH Bilduk bozka asko lortu behar ditu, goranzko joera izan behar dugu, horrela bai Espainiako Diputatuen Kongresuan zein Senatuan indartsu esateko gu euskal herritarrak garela, Euskal Herria dela gure ardatza eta helburua, eta hor gaudela, ahalik-eta azkarren berriz bertan ez egoteko, Euskal Herri independentea nahi dugulako, Euskal Estatua eratu nahi dugulako.