"Besteak baztertzeaz, harresi berriak eraikitzeaz hitz egiten dutenak Europako leku askotan daude"
Alemaniak Espainian duen enbaxadorea Gernika-Lumoko udaletxean elkartu da Jose Maria Gorroño udalerriko alkateagaz. Zalloko hilerrian lore eskaintza egin die bonbardaketan hildakoei. Erantzukizuna onartu behar dutela esan du, "eta ez bakarrik Alemaniagatik, baita Europagatik ere".
Wolfgang Dold Alemaniak Espainian duen enbaxadorea Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateagaz batu da goizean. Udaletxean elkartu dira, eta handik Zalloko hilerrira joan dira, bonbardaketan hildakoei lore eskaintza egitera. Alemaniarrak gonbidapena eskertu dio alkateari, eta esan du udalerrian egotean “memoria kolektiboarengandik hurbil” sentitzen dela: “Gernika sinbolo bat da. Hemen gertatutakoak argi erakusten du beldurraren eta gorrotoaren alderdiek irabazten dutenean zer gertatzen den. Gura ez dugun Europa da hori”.
Gaur egun ere, udalerriak esanahi esanguratsua duela gaineratu du, eta biolentziarik eta gorrotorik gabe, etorkizunera askatasunez eta tolerantziaz begiratzeko unea dela. “Izuaren eta biolentziaren ondorio izan zen bonbardaketa. Alemaniako hegazkinek bonbardatu zuten herria, eta horregatik, guretzat oso garrantzitsua da gaur hemen egotea. Erantzukizuna onartu behar dugu, eta ez bakarrik Alemaniagatik, baita Europagatik ere”, azaldu du enbaxadoreak. Errepikatzea nahi ez duten iraganera begiratzea garrantzitsua dela zehaztu du, eta bizirik atera zirenekin eta oro har biktima guztiekin “asko partekatzen” dutela.
1937ko apirilaren 26ko bonbardaketari eta urteurrenero egiten dituzten ekitaldiei buruzko azalpenak eman dizkio Gorroñok, baina horrez gain, alderdi ultraeskuindarrak ere izan dituzte hizpide. Domekan egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen harira, Gernika-Lumoko alkateak esan dio Vox-ek Euskal Herriko zein Kataluniako alderdi abertzaleak ilegalizatzeko mehatxua egin duela: “Lortutako gauzen eta izandako aurrerapenen ondoren, zerbait ilegalizatzea, ideiak ilegalizatzea ikaragarria da. Gizarteari hori ez dela zuzena eta orainaldirako zein etorkizunerako txarra dela helarazteko erantzukizuna daukagu. Gorrotoa zabaltzen ari dira”.
Alemaniar enbaxadorearen berbetan, “besteak baztertzeaz, harresi berriak eraikitzeaz hiz egiten dutenak Europako leku askotan daude”. Bakearen inguruko proiektuetan pentsatzeko Gernika-Lumo leku egokia dela azpimarratu du. Hain zuzen ere, bonbardaketaren urteurrenean udalerrira etortzeko gonbidapena luzatu dio Gorroñok Doldi, eta bi agintariak zein bere herriko oroigarri bana oparitu diote elkarri.