Azaroaren 8an hasiko da Emakumezkoen esku pilotako II. Bizkaia txapelketa
Zortzi pilotari lehiatuko dira azaroaren 30era arte iraungo duen txapelketan; horien artean dago Olatz Arrizabalaga gernikarra.
Bilboko Bizkaia frontoiak Emakumezkoen esku pilotako Bizkaia txapelketa hartuko du. Bigarren urtez egingo duten ekimenak zortzi pilotari batuko ditu azaroaren 8tik 30era. Txapelketagaz Bizkaiko Foru Aldundiak emakumezkoen kirolaren alde egindako apustua “sendotu” egin gura duela adierazi du.
Parte hartzaileak lau bikotetan banatuko dituzte lehiaketan jokatzeko. Olatz Arrizabalaga gernikarragaz batera Gentzane Aldai, Amaia Aldai, Nora Mendizabal, Iera Agirre, Ainhoa Romero, Arrate Bergara eta Olatz Ruiz de Larramendi ariko dira txapelketan.
Lau jardunaldi. Bihar jokatuko dituzten partiduetan Arrizabalaga eta Gentzane Aldai Amaia Aldairen eta Mendizabalen aurka ariko dira; Agirrek eta Romerok Bergararen eta Ruiz de Larramendiren aurka egingo dute bestetik.
Bigarren jardunaldia azaroaren 15ean egingo dute; bertan beste bi partidu jokatuko dituzte. Lehenengoan Arrizabalagak eta Aldaik osatutako bikoteak Bergararen eta Ruiz de Larramendiren aurka egingo du; azken partiduan Agirre eta Romero lehiatuko dira Amaia Aldairen eta Mendizabalen aurka.
Azaroaren 22an Arrizabalaga eta Gentzane Aldai Agirreren eta Romeroren aurka ariko dira lehenik; eguna amaitzeko Bergarak eta Ruiz de Larramendik Amaia Aldairen eta Mendizabalen aurka egingo dute. Txapelketaren finalaurrekoak eta finala azaroaren 30ean lehiatuko dira.
“Estimulua”. Bilbon lehiatuko diren pilotariak “amateurren kategoriako kirol-maila onenekoak” izango direla adierazi dute antolatzaileek. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi duenez, aldundiak duen erronketako bat “emakumeek kirolean presentzia izatea” da, eta hori abiapuntutzat hartuta txapelketari bigarrenez jarraipena emango diote.
Hori horrela, zortzi parte hartzaile izango dituen txapelketan “kalitate handiena eta berme guztiak ziurtatuko” dituztela azpimarratu du diputatuak; eredu izatea gura dute, “egunero jokalekuan onena emateko ahalegina egiten duten emakume pilotari guztien eragile gisa”.
Ez hori bakarrik, txapelketa etorkizunean “erreferente” bilakatzea nahi du Bilbaok, bai emakumezko pilotarien artean zein pilotaren munduan. Hori lortzeko bide bezala parte hartuko duten pilotariek “kirolaren arloko lan kontratua” izango dutela adierazi du, iazko txapelketan egin bezala. Emakume eta neska askorentzat txapelketa “estimulua” izatea gura du, “pilotari horien bideari jarrai diezaioten eta emakumeen artean esku pilotan aritzeko zaletasuna gero eta zabalagoa izan dadin”.