Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilu orokorrak 6.423.092 euroko aurrekontua onartu du
Astelehenean batu ziren kontseiluko kideak Gernika-Lumon. EH Bilduk EAJri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko asmoa berraztertzeko eskatu zion batzarrean.
Astelehen arratsaldean Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan bilera egin zuen Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilu orokorrak. Bileran 6.423.092 euroko aurrekontua onartu zuen kontseiluak; kopuru horren %17a inbertsioetara bideratuta egongo dela jakinarazi dute.
Aurrekontutik hartutako 900.000 euro energiara bideratuko dituzte. EH Bilduko ordezkariak aurrekontuaren alde agertu, eta esparru horren inguruan hainbat proposamen egin zituzten batzarrean: “energia kontsumo hori bertan sortzea energia berriztagarriekin”; modu horretara “bertatik bertarako politikak publikoak abian jarri” gura dituzte.
Koalizioak nabarmendu duenez ur partzuergoak gastuak murriztu eta enplegu berdea sortzeko aukerak ditu bere baitan. Araztegietako lokatzaren garraioak sortzen duen kostua aipatu dute, esaterako. Gaur egun hondakin horiek Busturialdetik Nafarroara arte eramaten dituztela azaldu dute: horien garraioak eta konpost bihurtzeko tratamenduak 282.000 euroko kostua dauka.
Zikloa itxi. Horren harira Iratxe Arriola Eako alkateak “eskualdean tratamendurako instalazioa jartzeko” proposamena egin zion Maria Presa Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendari Nagusiari. Instalazio horren eginkizuna “organikoaren osoko bilketara batu” daitekeela azaldu du Arriolak, eta gainera”kamioiak errepidean CO2a isurtzen ibili beharrean bertatik bertara tratatu” daitezkeela aipatu du, “enplegua sortuz eta hondakina ongarri bihurtuz, zikloa zarratuz”.
Larrialdi Klimatikoak “agenda guztiak zehar lerroan gurutzatu eta hartu duen zentralidatea hartu ostean” EAJri eta Iñaki Gorroño Busturialdeko Ur Partzuergoko presidenteari Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko asmoa berraztertzeko eskatu zioten koalizioko ordezkariek.
Oinarrizkotik hasi. “Ura eta energia edozein herrialderen baliabide estrategikoak dira, datozen urteetan erronka nagusiak izango dira eta bertatik bertara guk geuk baino hobeto ez ditu inork kudeatuko. Har dezagun erronka hori eta eskuz esku lan egiteari ekin diezaiogun”, aldarrikatu zuen Arriolak.
“Gure kostaldean eta bizitzeko moduetan egokitzapen politika estrategikoak martxan jarri behar ditugu, berandu baino lehen. Has gaitezen bada, oinarrizkotik. Deprimituta eta etorkizun beltza duen eskualde hau eraman dezagun beltzetik berdera. Ekin diezaiogun bideari, asko dago egiteko eta”.
Hala izanik, politika publikoak “larrialdi klimatikoaren egoeragaz busti” egin behar direla diote koaliziokoek. Karbonogabetzea gauzatzerako orduan ur politikak, politika sozialak, eta enplegu politika lokalek “zer esan handia” izango dutela nabarmendu dute, baina horretarako deklarazioek eta ekintzek “batera” joan behar dutela adierazi dute.