Bideo jokoei buruzko tailerrak emango dituzte Gautegiz Arteagan eta Kortezubin
Emoki elkartekoek emango dituzte tailerrak; herritarrei zalantzak argitu eta aholkuak emango dizkiete. Kortezubin gazteentzako saioak egingo dituzte. Gautegiz Arteagan, ostera, gazteentzako zein gurasoentzako tailerrak emango dituzte.
Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik, hilabete honetan egingo dituzte bideo jokoei buruzko saioak, Gautegiz Arteagan eta Kortezubin.
Bideo jokoak: aholku eta praktika onak gazteei zuzendutako tailerra egingo dute Kortezubin. Datozen bi zapatuetan [azaroak 9 eta 16] egingo dituzte saioak, 18:00etatik 19:30era, Gaztegelan. Udaletxeko 94-625 50 53 telefono zenbakira deitu edo 689 37 16 96 telefono zenbakira WhatsApp-a bidali behar da izena emateko.
Gautegiz Arteagan bi tailer eskaini dituzte; gazteentzat bata, eta gurasoentzat bestea.
8-16 urte bitartekoei zuzendutakoa azaroaren 22an eta 29an emango dute, 16:30etik 18:00etara, liburutegian. Modazko bideo jokoak, youtuberrak, influencerrak eta online bideojokoak izango dituzte hizpide.
Gurasoentzako tailerra azaroaren 29an emango dute, 18:00etatik 19:30era, Kultur Etxean. Gurasoei sortzen zaizkien zalantzak argitzea eta aholkuak ematea izango da saioaren helburua. Erabilera egokiak, emozioen kudeaketa eta modako bideojokoak aztertuko dituzte, eta horrez gain, youtuberrei, influencerrei eta ezezagunekin jolasteari buruz berba egingo dute.
Gurasoen zein gazteen tailerrean partea hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Kultur Etxean: 94-627 15 63. Azaroaren 18a baino lehen izena eman behar da.
Emoki elkarteko kideek gidatuko dituzte bi herriotako saioak. Aipatu elkarteak bizitza afektibo-sexual osasuntsu eta kontzientea edukitzeko, kudeaketa emozional egokia izateko edota teknologia berrien erabilera osasuntsua sustatzeko formakuntzak, aholkularitza zerbitzua, sentsibilizazio kanpainak eta baliabide didaktikoak eskaintzen ditu.