Ingurumena babesteko lanean
Life Vertalim proiektuak kontserba industrien isurketak hiri saneamenduko sarean integratu eta era horretara sektorearen jasangarritasuna hobetzeko bideak aztertu ditu.
Lantegietako hondakinen isurketek ingurumenean edukitzen duten inpaktu zuzena agerikoa da. Jasangarritasuna eta iraunkortasuna sustatzea ezinbestekoa bihurtu den errealitate batean, erakunde eta enpresek ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko lasterketari ekin diote, beranduegi izan aurretik.
Horren adibidea da Azti zentro teknologikoak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoagaz elkarlanean martxan jarritako Life Vertalim proiektua. Bi milioi euroko aurrekontuagaz, aurten burutuko dute 2016an abiarazitako egitasmoa; Europar Batasunak eta Uraren Euskal Agentziak kofinantzatzen dute. Bere helburua Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako kontserba industrien isurketak hiri saneamenduko sarean integratzea da, era horretara sektorearen jasangarritasuna hobetzeko.
Monika Gutierrez Aztiko prozesu efiziente eta jasangarrietako adituaren berbetan, “kontserba enpresen ur zikinen kudeaketa” hartu dute abiapuntutzat, “efluenteak araztu eta naturara itzultzeko”. Proiektuagaz kontserba enpresek sortutako ur zikinetako karga organiko handia, olioak, koipeak eta gatzak murrizteko bideak ikertu dituzte. Horiek murriztu ezean, isurketen tratamendu egokia “trabatu” egiten dela azaldu dute Aztikoek, “ingurumen arazoak sortuz bai kostaldean zein ibaietako uretan”.
Ikerketagaz isurketen ingurumen inpaktua minimizatzeko hiru oztopoen sistema eratu dute. Lehenengo oztopoagaz ur kontsumoa murriztu eta materia galtzea saihesten dute; bigarrenagaz hondakinak modu higienikoan atxiki eta balioaraztea lortzen dute balio katera itzultzeko, “produktu berri moduan, edo animalentzako elikagai moduan”; azken oztopoak isurketa partzialen kudeaketa adimenduna bideratzen du, “behin-behinean biltegiratuz, partzialki tratatuz eta dosifikazio kontrolatuak eginez, amaierako tratamendua minimizatzeko”.
Hondakinen %35a murriztu. Egitasmoaren ondorioztapenekin kontserba enpresek erabiltzen duten ur kontsumoa murriztea eta uraren kalitatea hobetzea lortu dute. Zehazki, proiektua Berriatuako Conservas Marmar, Aguirreoa, Guenaga eta Heisa kontserba enpresekin elkarlanean landu dute. Froga horietan kontserba enpresek “%45 murriztu ahal izan dute ur kontsumoa, eta sortutako hondakinak ere %35 murriztu dituzte”, azaldu du Gutierrezek.
Gainera, proiektuaren hasierako faseetan isurketen bolumena eta kutsadura murrizteari esker arazteko sistema sinpleagoak instalatzeko aukera eduki zuten; horiekin ur zikinak hiri saneamenduko sare konbentzionalera modu seguru batean isuri ahal ditzakete: guztira, karga organikoaren %60a eta koipeen %75a murriztea lortu zuten.
Isurketa industrialak modu errazagoan integratu ahal izateko saneamendu sarea simulatzeko plataforma bat garatu dute proiektuaren baitan. Berriatuan eta Ondarroan egin dituzte plataforma horren frogak; Ceit-ik4 zentroak uraren kalitatearen simulazio bidezko analisia egin zuen, ingurumenaren inpaktuan eragiten duten elementuak aztertzeko.
Hori eginda kudeaketarako tresna bat garatzen ari direla azaldu dute, elementu horiek Ondarroako HUAren funtzionamenduan duten eragin negatiboa gutxitzeko; bereziki hegaluzearen kanpainari begira egingo dute hori, aktibitate handiko uneetan sortzen diren isurketa industrialak kontrolatzeko.
2017an Gardotzako industrialdeko kolektorean intregatu zituzten Berriatuako kontserba sektoreko enpresen isurketak. Proiektuaren arduradunen berbetan, horrek “hobekuntza nabarmena” eragin zuen Artibai ibaian. Hala izanik proiektuak iraun duen hiru urteetan prozesua errazteko tresna bat garatu dutela diote.
Ikasitakoa zabalduz. Luis Sancho Ceiteko ur eta osasun arloko senior ikertzaileak azaldu duenez, “Garatutako irtenbideari esker hobetzeko puntuak detektatu ahal izan ditugu, eta horrek lorpena handiak eragin ditu sektoreko enpresek ur zikinen araztegira egiten dituzten isurketen eraginak minimizatzeari dagokionez”.
Emaitza onak lortuta, proiektua Bizkaian, Gipuzkoan, Araban edota Europan kontserba lantegiak dituzten antzeko eskualdeetan aplikatuko dute ikertutako metodologia, “ezagutza transferitu eta kontserben industria jasangarriagoa izan dadin”. Zehazki, Life Vertalim proiektua erakustaldi fasean aurkitzen da une honetan; europar agintariek proiektua lehen eskutik ezagutzeko aukera eduki dute, balorazioari ekiteko.