Larriki gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa egingo du Sarek zapatuan
Urrian Busturialdea zeharkatu zuen autokarabanagaz preso gaixoen aldeko eskubideak aldarrikatu ostean, Gasteizen batzeko deialdia egin dute.
Sare Herritarrak “euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen” duen egoera amaitzeko exijitzeko manifestazioa egingo du zapatuan, azaroaren 2an, Gasteizen. Horretarako larriki gaixo diren presoak aske uzteko aldarrikatuko dute Artium paretik 17:00etan hasiko den ekimenean.
Saretik nabarmendu dutenez, zapatuko manifestazioan atzo zendu zen Jose Angel Otxoa de Eribe urkabustaiztarraren kasua berriz ez errepikatzea eskatuko dute. Otxoa 2000. urtean espetxeratu zuten 30 urteko zigorra egotzita Castelloko espetxean. 2015. urtean minbizia diagnostikatu zioten, eta 2016ean, bere zigorraren azken laurdena larri gaixorik zegoela betetzea gelditzen zitzaion arren, espetxean mantentzea erabaki zuten, “bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera bueltarik gabea bilakatu artean”.
Uztailean baldintzapean askatu zuten Otxoa; sare herritarrekoen berbetan, “askatasuna bere egoera klinikoa guztiz limitean zegoenean baino ez zioten eman”.
Saretik azaldu dutenez, espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Otxoak “bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesagaz artatzeko eskubidea zuen”. Hori dela eta Otxoa “azkena izan dadila” aldarrikatuko dute Gasteizko kaleetan, “zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua” salatuz. Espainiar Gobernuari “gorrotoa eta mendekua albo batera utzi eta halako egoerek eskatzen duten humanitatea eta arduragaz joka dezan” eskatzen dio Sarek.
20 preso. Gaur egun 20 dira larriki gaixo dauden euskal presoak: horien artean aurkitzen da dagoeneko espetxean 22 urte daramatzan Kepa Arronategi preso gernikarra. Urrian Sarek Busturialdean antolatu zuen autokarabanan aldarrikatu zuenez, Arronategi “lehen graduko erregimen zorrotzean egon da beti, bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik, familia eta senideetatik urrunduta”, eta horrek bere osasunarengan izan duen eragina “ukaezina” dela salatu zuten.
Espetxe politikak “gaixo dauden presoen kasuan gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten” dituela salatzen dute Saretik, “gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena duelako presoen osasunean”.