Aguiñiga gaztandegiko gazta 6.600 eurotan saldu dute enkantean
Bertso saioa, sari banaketa eta gaztaren enkantea egin dituzte eguerdian, Merkurion. Arabako Aguiñiga gazta izan da aurten onena, eta 6.600 eurotan erosi du gazta erdia Zoko patxaranak.
Epaimaihaiak Arabako Agiñaga herrian kokatuta dagoen Aguiñiga gaztandegiaren gazta izendatu du aurtengo Urriko Azken Asteleheneko azokako gazta gozoena.
Gazta onenaren prezioak gorakada nabarmena eduki du aurten, iazko gaztarenaren aldean. 6.600 euro ordainduta erosi du gazta erdia Nafarroako Zoko patxaranak gaurko enkantean, iaz gaztarik onenarengatik ordaindu zena baino 1.000 euro gehiago.
Bigarren saria iazko irabazlearentzako, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiarentzat izan da; 400 eurotara erosi du Kortezubiko Lezika jatetxeak Gorka Azurmendiren gazta. Enkanteko dirua, 7.000 euro hain zuzen ere, aurreko urteetan egin bezala Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzarentzat izango da. Hirugarren saria, azkenik, berriz Olaberriako Aizpea SCk jaso du.
Ohi bezala, Jose Antonio Bastegieta Marko-k hartu du enkantea gidatzeko ardura. Hainbat izan dira bi gazta erdien enkanteetan parte hartu duten eskaintzaileak.
Enkantea ez da izan eguerdi aldera herritarrak Merkurion batu dituen jarduera bakarra. Lehenago Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek bertso saioa eskaini dute; giro ederrean aritu dira parte hartzaileak, eta bertaratutakoek saio ederragaz gozatu dute. Bertsolariek amaitu ostean, ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketako sari banaketari ekin diote.
Jose Ramon Martinez Elejalde (Gazta onenaren irabazlea): “Ondo egindako lan baten aintzatespena dela uste dut, gure lana hain txarto ez dugula egin adierazten digun saria da”.
Irabaztea espero zenuen?
Espero ez, baina irabazteko itxaropena izan dut. Asko gara gaztagintzan gabiltzenak, eta Idiazabal gazta gaur egun oso ondo posizionatuta dagoela uste dut: gehienok oso gazta ona egiten dugu. Hala ere gure artean dagoen konpetetentzia oso sanoa dela esan behar dut.
Zer suposatzen du zuentzat urriko azokan lehen saria irabazteak?
Ondo egindako lan baten aintzatespena dela uste dut, gure lana hain txarto ez dugula egin adierazten digun saria da. Ez da azoka honetan irabazten dugun lehen aldia; 2013an bigarren saria irabazi genuen eta 2014an, lehen saria. Une txarragoak bizi izan ditugu azken urteetan, baina lortu dugunagatik harro hartu dut saria.
Zein da zuen gaztaren sekretua?
Hemen irabazteko, dastatzaileen gustuko zaporea lortzea. Gazta gozo bat sortu dugula uste dut; lehenik eta behin, garrantzitsuena gazta niri gustatzea izaten da. Gure gazta Idiazabal Artzai Gazta da, hau da, gure esne propioagaz sortzen dugun gazta da. Beraz, gure produktua sortzerakoan prozesu guztia kontrolatzen dugu: ardiak eta horiek jeztea, gazta egitea eta azkenik hori saltzea. Oso larre onak dauzkagu Gorobel mendilerroan.
Gaztaren salmentek beherakadak jasan dituzte azken urteetan?
Erosleentzat gazta luxuzko produktua izan gabe, oso maila altuko elikagaia da. Erosle hori merkatura gazta erosten doanean, askotan kontuan hartzen duena prezioa da. Hala ere, niretzat gaztek produktu merke bat izaten jarraitzen dute; hori sortzeko lanean eman biher diren orduak kontuan hartuz gero, atzean duen lana ikusiz gero, ez da hain produktu garestia. Artzai gaztak ez du merezi duen aitorpena jasotzen; enpresa handiek era guztietako gazten nahasketak egin ahal dituzte esneagaz, eta horien kopuru erraldoia sortu. Guk egiten dugunak askoz lan gogorragoa eskatzen du.
Gaztandegien sektorean belaunaldi berriak datoz?
Nire ustez belaunaldi berrien txandakatzea oso zaila izango da. Aintzatespen gutxi duen sektore bat da, hutsune asko daude. Agian pixka bat berandu denean norbait konturatuko da dagoeneko txandakatze hori gertatzeko beranduegi dela. Artzainak bi eskuetako atzamarrekin zenbatzen ari gara dagoeneko, batez ere Araban.
Sariak:
- Lorak eta landarak: Ortuberri (Iurreta).
- Eztiak: milalorak: Valentin Llona (Zornotza).
- Eztiak: txilar eztia: Javier Larrinaga (Kortezubi).
- Frutak: Etxebarria (Gatika).
- Txakolina: zuria: Abeitsa (Txabarri upeltegia, Aranguren-zalla).
- Txakolina: gorria: Sasine (Butroi upategia, Gatika).
- Txakolina: baltza: Erdikoetxe (Erdikoetxe upategia, Lezama).
- Barazkiak eta ortuariak: Goreko (Mungia).
- Gaztak:
- 1. saria: Aguiñiga (Agiñaga, Araba).
- 2. saria: Azkarra ( Galarreta, Araba).
- 3. saria: Aizpea (Olaberria, Gipuzkoa).