"Euskal Herrian dagoen feria onena da"
Gaztetatik gaztak egiten ditu eta Urriko Azken Asteleheneko azokan postua jartzen du Sabin Aranburu Maumeko artzainak. Busturialdean Idiazabal gazta ekoizten duen bakarra da.
Gaztak egiten 40 urte daramatza Maumeko Sabin Aranburu Baraiazarrak, eta duela hamabi bat urtetik Gernikako Merkatu Plazan egoten da astelehenero.
Urriko Azken Astelehena salmenta gune edo plaza ona da?
Urriko Azken Astelehena Euskal Herrian dagoen feria onena da. 70 bat gazta ekoizle egoten gara, eta gehienok asko saltzen dugu. Guk bezero fidelak ditugu; hainbeste urte daramatzagunez, jendeak ezagutzen gaitu. Asko saltzen dugu; urtero 150 bat gazta erraz. Gazta egiten hasi ginenetik egoten gara Urriko Azken Asteleheneko azokan; osabagaz etortzen nintzen lehen.
Zelan bizi dituzu gazta lehiaketa eta enkantea?
Orain gazta ona denok egiten dugu, gehiengoak bai, behintzat. Gazta lehiaketan urtero parte hartzen dugu. Orain urte asko lehen saria irabazitakoak gara, hiru bider. Orain konpetentzia handia dago. Suertea dela uste dut; teknikari batzuei suabeagoa gustatzen zaie, beste batzuei ukitu gehiago daukana…
Busturialdean zeuk bakarrik ekoizten duzu Idiazabal gazta.
Ardi gazta denona da berdina, marka eduki edo ez. Berdin egiten da. Baina Idiazabal gaztak ospe itzela du. Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 120 bat artzain gaude elkartean. Gaztandegi batzuek ere badute Idiazabal gazta, baina artisau garenok kaseina desberdina erabiltzen dugu. Jendeak ez daki artisau gaztaren eta gaztandegikoaren, fabrikakoaren artean bereizten.
Eta zein da zuen gaztaren bereizgarria?
Janariak asko egiten du. Bertoko belarra, alpapa, pentsua… Ahalik eta elikadura naturalena edukitzea garrantzitsua da, eta mendiak ere asko egiten du. Ganadua mendian ere eduki behar izaten da. Uda partean gutxienez hiruzpalau hilabete mendian egotea ona izaten da. Siloak gazta egiteko ez dira onak. Gero eta gutxiago erabiltzen da ardientzat, baina behientzat oraindik ere erabiltzen dute.
Zenbat gazta ekoizten dituzue?
350 ardi ditut, eta urtean 6.000 bat kilo gazta ekoizten ditugu. Lehen 500-700 ardi artean izaten nituen. Astelehenetan 30-35 gazta artean saltzen ditugu hemen, eta zapatuetan Durangon ere egoten naiz. Ondo saltzen dugu, eta gutxi irteten gara. Jendeak badaki gure gazta zein sal- kotitan eskuratu ahal duen. Inguruko azokaren batzuetara eta San Tomas egunean Bilbora joaten gara, baina, agian, aurten hara ere ez gara joango, gazta barik geratuko gara eta. Iaz ere gazta gabe geratu ginen, eta aurten arinago geratuko garela uste dut.
*ALEX ZUBIAREN ZUTABEA: Gernika, Ezpeleta eta klima aldaketa