Ernamuinterapiari buruzko hitzaldia emango dute Gernika-Lumon
Fitoterapia, aromaterapia eta, batez ere, ernamuinterapia, aztertuko dute, gai honetan aditua den Rafael Romanekin eguazten arratsaldean, Astran.
Ernamuinterapia zure osasunaren zerbitzura hitzaldia emango dute eguaztenean (urriak 30), 19:00etatik aurrera, Astran. Fitoterapia, aromaterapia eta batez ere, ernamuinterapia, aztertuko dute, gai honetan aditua den Rafael Romanekin. Nutrizio eta Dietetika Aplikatuan Diplomatua da Granadako Unibertsitatean, eta Elikadura Patologietan Unibertsitate Espezialista da Cadizeko Unibertsitatean. Horrez gain, nutrizioari eta masajeari buruzko liburuen egilea da, eta gaur egun, Kantabriako WAY DIET Laboratorios-en egiten du lan.
“Fitoterapia, aromaterapia eta ernamuinterapia ekologikoan jarriko dugu arreta urrian, azken diziplina horri garrantzi handiagoa emanez”, adierazi dute Lurgozo kontsumo ekologikoaren aldeko Urdaibaiko elkartearen ordezkariek.
Azaldu dutenez, urkia, gorostia, haltza, astigarra, hurritza, gaztainondoa, zuhandor arra, arkakaratsa, elorri zuria, lizarra, pagoa, pikondoa, mihura, intxaurrondoa, haritza, sasia, asuna, azeri-buztana … fitoterapian erabiltzen diren landare-espezieak dira. Fito-Ernamuin-Aroma-Terapia BIO, landare eta ernamuin freskoen estraktuen erabileratik abiatzen da, ur-lurrunezko destilazioaren bidez lortutako funtsezko olio preziatuenen botere integratzailearekin batera. “Bai fitoterapian –landareen estraktua –, bai ernamuinterapian –zuhaitz eta zuhaixken ernamuin eta kimu gazteen estraktua–, bai aromaterapian –landare aromatikoaren organo ekoizleetako esentzia erabiltzen du–. Erauzketak egiteko, landarea bizi-egoera onenean erabiltzen da beti: fresko. Aterakinean jasotako landarearen zukuak, haziak, ernamuinak eta abarrek propietate bakarrak dituzte, eta aktiboki parte hartzen dute sendatze-prozesuan, helburu komun bat lortzeko”.
Hurrengoak. Aipatu elkarteak urtaroen arabera antolatzen ditu ekitaldiak eta udazkenean erremedio alternatiboak edo osagarriak lantzen dituzte. Azarorako beste hiru hitzaldi prestatu dituzte. Azaroaren 14an (eguena) podologia integratiboa izango dute hizpide, azaroaren 19an (martitzena) erreflexoterapia eta azaroaren 29an (barikua) giza geobiologia.