Azaroaren 8ra arte aurkeztu daitezke argazkiak udal egutegia osatzeko lehiaketarako
Egile bakoitzeko argazki bat bidali daiteke eta auzoen arteko parekidetasuna bultzatuko dutela jakitera eman dute udaletik.
Beste urte batez, Eako udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu dute, eta herritarrek azaroaren 8ra arte (20:00ak arte) dute parte hartzeko aukera. kultura.ea@bizkaia.org posta elektronikora bidali behar dira argazkiak.
Gaia librea da, baina, parte hartzaileek herria bera ardatz hartu beharko dute. “Urtero legez eta gabon zaharretan egutegia erretzeko tradizioa dugunez, aurten ere argazki lehiaketa egingo dugu 2020ko udal egutegiko argazkiak aukeratzeko. Udako argazkiak, negukoak, paisaiak, animaliak, pertsonak, itsasoa, mendia… denak balio du!”, adierazi dute udal ordezkariek, eta herritarrak herriko argazki politak bidaltzera animatu dituzte.
Lan originalak, herritarrek egindakoak izatea eskatu dute, eta egile bakoitzak argazki bat bidali dezake. Jakitera eman dutenez, auzoen arteko parekidetasuna bultzatuko dute eta maiatzeko argazkia Haizeder Eskolarako utzi dute.
Herritarren iritzia. Egutegirako argazkien aukera egiteko herritarren laguntza edukiko dute. Horretarako, azaroaren 11tik 22ra erakusketa jarriko dute Turismo Bulegoan, eta herritarrek bertan botoa eman ahalko dute.