"Zientziak bidea erakutsi behar digu, baina ezin dizkigu guk sortzen ditugun arazoak konpondu"
'Pertsonak eta Natura' lemapean, XV. Natura Babesteko Nazioarteko Bilkura egiten ari dira Ekoetxea Urdaibain. Zientziak gizartearekiko zubiak eraiki behar dituela esan du Aitor Zulueta Ondare Naturala eta Klima Aldaketa Zuzendariak gaurko aurkezpen ekitaldian.
XV. Natura Babesteko Nazioarteko Bilkura Pertsonak eta Natura lemapean ireki zuten atzo, Ekoetxea Urdaibain eta goizean egin dute aurkezpen ekitaldi ofiziala.
Aldaketa Klimatikoaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan, Niko Garcia Borregero Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zuzendariaren ondoetorriagaz hasi dute agerraldia, eta jarraian, Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen saileko Ondare Naturala eta Klima Aldaketa Zuzendariak hartu du hitza. Zientziaren garrantzia azpimarratu du. “Gure sailean argi daukagu bere garrantzia. Astelehenean Gasteitzen aurkeztu genuen biologia dibertsitateagaz lotura daukan PIBSE genuen bilkura. Besteak beste, biodibertsitateagaz lotutako balioak eta ekosistemen zerbitzuak aztertzen dituzte”.
Zientzia eta gizartea. Zientziak gizartean daukan betebeharrean sakondu du Zuluetak, “batik bat klima aldaketagaz lotuta”. Zientzia garrantzitsua dela baina ez erabakigarria esan du: “Gizartearen ikuspegia zein den eta naturagaz zelako harremana eduki gura dugun pentsatu behar dugu”.
Gizarteak zientzia ia erlijiotzat hartzen duela aitatu du; zientzian itsu-itsuan sinesten duela, fedez. Ezagutza barik sinestea. “Zientziak estualdietatik edo ataketatik aterako gaituela espero du gizarteak. Zientziak zerbait asmatzea gura du gizarteak; CO2, metanoa eta nitroxoa xurgatuko dituen makina bat asmatzea espero du… Erantzukizunetik askatu gaitzan espero dugu, eta gehiago kontsumitzen utz gaitzala”. Horren ordez, garrantzitsuena eta behar dena eguneroko ohiturak aldatzea dela nabarmendu du: “Zientziak argiztatu behar gaitu; bidea erakutsi behar digu. Baina ezin dizkigu guk sortzen ditugun arazoak konpondu”.
Zientziak gizartearekiko zubiak eraiki behar dituela esan du Ondare Naturala eta Klima Aldaketa Zuzendaria. Zientzia ulergarria izan behar da, eta zientziak esfortsua egin behar du, “pertsonengana heltzeko”. Errealismoaz mintzatu da Zulueta: “Fantasian bizi gara; ez gara errealismo gehiegirik jasateko kapazak. Errealismo apur bat onartzen dugu, baina oso gutxi, eta berehala fantasia mundura salto egiten dugu. Ez dugu onartu gura errealismoa gogorra dela. Nahiago dugu fantasia geruzak jarri. Eta zientziak argia izan behar du; gauzak errealismoagaz erakutsi behar ditu”.
Gaur egun, akordioetara heltzea ahoz aho dabilen kontzeptua dela gogoratu du Zuluetak, eta horri dagokionez hausnarketarako deia luzatu du. Gizarte, ingurumen eta ekonomia jasangarritasuna kontzeptu “polita” bada ere, dena lortzea zaila dela zehaztu du: “Gizarte zein zientzia aldetik hori posiblea den hausnartu behar dugu. Hiru horien arteko oreka lortzea posible ote den hausnartu behar dugu”.
Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Estatu Komiteko zuzendaritzaren batzordeko batzarragaz hasi zuten atzo naziarteko foroa, eta goizeko aurkezpen ekitaldian parte hartu du Juan Antonio Lopez Jaime batzorde horren presidenteak. Ekoetxean egiten ari diren bilkuran ez dutela denborarik alferrik galduko adierazi du: “Hemen zerbaitegatik gaude. Ikasi egingo dugu. Informazioa partekatu eta daukagun erantzukizuna kontuan edukiko dugu. Gure inguruan ditugunak inplikatzeko, konprometituarazteko ardura daukagu”. Batasunerako deia egin du: “Gure aztarna ekologikoa eta geologikoa gaur egun den bezain ezkorra ez izateko bat egin behar dugu. Inplikazioan eta kontserbazioan. Tamalez ondorio edo kalte batzuk ezin ditugu erreparatu edo konpondu. Maila globalean zailagoa da, baina maila lokalean gure aletxoa jartzen saiatu behar gara. Ahal dugun neurrian jardun behar dugu. Foro emankorra izango da hau, ziur nago”.