Bermeoko Frantxuenerreka errekako ibaiertzetik krokosmia x krokosmiiflora landarea kentzeko lanak egin ditu URAk
Landareak " intzidentzia eta hedapen ahalmen esanguratsua" duela nabarmendu du Euskal Uraren Agentziak. Errekaren ibilguko 4.000 metro karratutatik kendu dituzte landareak.
Euskal Uraren Agentzia 2017. urtetik Bermeoko Artike errekaren goiko arroan kokatuta dagoen Frantxuenerreka ibaiean aritu da lanean krokosmia x krokosmiiflora landarea desagerrarazteko. Jakitera eman dutenez, aurtengo udan landare guztiak errotik kentzea lortu dute.
URAko ordezkarien berbetan, “krokosmia x krokosmiiflora ibaien erribera askotan naturalizatutako landare polit bat da, non intzidentzia eta hedapen ahalmen esanguratsua duen”. Lurpeko organoetatik abiatuta “azkar ugaltzen den landarea” da, eta “eremu beroetan ere gai da hazi bideragarriak ekoizteko”.
Zehaztu dutenez, guztira Frantxuenerrekako ibaiertzeko 4.000 metro karratutatik kendu dituzte landareak. Jarduketaren tartea Frantxuenerrekatik igarotzen da, Frantxuene baserriak Urkizarriko errekagaz bat egiten duen lekuraino. Tarte horrek 900 metro zuzen hartzen ditu; ibilguaren bi ertzetan eta baserriraino doan udal errepidearen bi aldeetan aritu dira lanean, landarea errepidearen alboetan ere errotuta zegoen-eta.
Eskuz atera. Landareak erauzteko lanak “eskuz” egin dituztela azpimarratu dute; landarea airetik atera dute. Hori eginez, sustraia erauztean lurpeko erraboilak ere kentzen dituztela ziurtatzen dute. Aireko zatia bertan uzten izan dute, horrek ez baitu “berragertzeko eta banako berriak sortzeko gaitasunik”. Ateratako erraboilak batu egin dituzte, hondakinen edukiontzi batean bilduz; horiek Zabalgarbira bidali dituzte, bertan errausteko.
Garbiketa lanekin landarearen hedapena mugatu gura izan dute agentziakoek, modu horretara krokosmia x krokosmiiflorak sortuko lukeen “biodibertsitate galera ekiditeko”. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Kontserbazio Bereziko Eremuko eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuko kontserbazio helburuak arriskuan jarri ditu.
Hibridoa. Krokosmia x krokosmiiflora San Joseren makila izenagaz ere ezagutzen da. Frantzian 1880. urtean sortutako hibridoa dela azaldu dute agentziako kideek, krokosmia generoko bi espezietatik abiatuta: Crocosmia aurea eta C. potssii.
Genero horren barruan identifikatuta dauden espezieak hamar direla nabarmendu dute: gehienak Hegoafrikan dauden bitartean, bi espezie Afrika erdialdean bizi dira, eta bat Madagaskarren. Mundu osoan, gaur egun, “krokodiaren 400 barietate inguru landatzen dira”. Azken hamarkadetan asko zabaldu da landare apaingarri gisa.