Tartean Teatroak ‘Ghero: azken euskalduna’ dakar Lizeo Antzokira
3.000. urtera bidaiatuko du publikoak gaur, azken euskaldunaren gorabeherak ikusteko. Umorea eta drama nahastuz gogoeta egiteko gonbita egin dute antzerki konpainiako kideek.
Zer gertatzen da gure gureak sentitzen ditugun hizkuntzekin? Zergatik irauten dute? Zergatik maitatzen ditugu hainbeste? Galdera horiei buruzko gogoeta egiteko gonbidapena luzatzen du Tartean Teatroaren Ghero: azken euskalduna antzezlanak.
Euskarari eta oro har hizkuntza txikiei gorazarre egiten die, “hizkuntzen aniztasunari, gizateriaren ondare kultural ukiezinari”. Euskararen iraupenaren misterioarekiko harridura eta mirespena erakusten ditu gaur Lizeo Antzokian eskainiko duten lanak (20:30). “Hausnarketa bat da, eta euskara eta oro har hizkuntza txikiekin daukagun atxikimenduari buruz hitz egiten dugu. Koldo Mitxelena idazleak esaten zuen euskararen misterioa ez zela bere jatorria, bere iraupena baizik, nahiz eta zailtasunak eduki eta askotan gauza asko kontra eduki. Mantendu egiten dugula da harrigarriena”, dio Mikel Martinez aktoreak.
Euskararen biziraupen harrigarriari buruzko kondairaren kondaira da Ghero. Hizkuntza baten bizirauteko amorrua. Bizirik irauteko grinari buruzko istorioa. Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta dela azpimarratzen dute sortzaileek.
3.000 urtera salto egingo dute ikus-entzuleek. Hizkuntza guztiak desagertu dira, eta Hizkuntza Globala deituriko hizkuntza bakarra dago. Ospitale batean hiltzera doa azken euskalduna. Arazo neurologiko batengatik hizkuntza globala ahaztu egin zaio eta bakarrik ama hizkuntza daki: euskara. “Pertsonaiak estrategia bat dauka; ez dakigu oso ondo zer nahi duen, eta poliki-poliki ikusten da zer nahi duen, eta gero nola bukatzen den”. Bide horretan, euskarari buruz hainbat kontu kontatzen dizkio azken euskaldunak medikuari.
“Badaude eszena ezberdinak; batzuk oso esanguratsuak… Informazio pila bat jasotzen du ikusleak, eta batzuetan barre galantak botako ditu eta beste batzuetan dramatiko xamarra da”, azaldu du Martinezek.
Lan honegaz, Tartean Teatroak formato handira jauzia egin du. Ohikoa dutenez, Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta Jokin Oregik zuzendu du. Oholtza gainean bost aktore ari dira: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Martinez eta Patxo Telleria.
Berezko sorkuntza da konpainiaren ezaugarri nagusiena. Hau da, euren ekoizpenak taldekideek sortutako ideia eta testuetan oinarritzen dira. “Patxo Telleria eta Jokin Oregi oso dramaturgo onak dira eta zortea daukagu. Oso trebeak dira istoriak asmatzen eta idazten”.
Euskaltzaindia
Euskal antzerkiaren eta kulturaren aldeko apustu garbia egin zuten sorreratik. Oraingo lanagaz, gainera, Euskaltzaindiaren 100. urteurrenagaz bat egin dute. “Kulturaren bitartez eta hainbeste bitartekoen bidez Euskaltzaindia kalera atera gura dute. Ez da enkargu bat izan; askatasun osoa eduki dugu sortzeko. Eta oso eskertuta gaude”, zehaztu du Tartean Teatroko sortzaile, arduradun eta aktoreak.
Dagoeneko 40 bat emanaldi daramatzate, eta 60 bat egingo dituztela aurreikusi dute. “Bira polita egiten ari gara”. Asteon, esaterako, lau emanaldi dituzte. Martitzenean Baionan egon ziren, eta gaurko Lizeoko saioaren ostean, bihar Donostian eta etzi Getxon ariko dira.
Hurrengoa prestatzen ere ari dira, eta azaroan estreinatuko Sinplisisimos. “Nahiko kuriosoa izango da; gai guztiz desberdina dauka. 2. Mundu Gerran kokatutako kabaret moduko bat da. Umorea eta boterea tratatuko dugu. Oso erronka ezberdina da, eta ilusio handiarekin gaude lanean”.