"Eleberri azkarra idatzi dut oraingoan; eleberri historikoaren prototipoa da"
Idazle bermeotarrak bere bigarren lana argitaratu berri du. ‘Arane: Cronicas de Hierro y Fuego’ Bermeo eta Iberiar penintsula ardatz dituen eleberri historikoa da.
Itsasoan 30 urte lanean egin zituen Joseba Itxasok (Bermeo, 1957). Itsaso zabalean irakurtzeko zaletasuna piztu, eta idazteko grina sortu zitzaion. Iaz bere lehen eleberria argitaratu zuen, eta urtebete igarota, Arane: Cronicas de Hierro y Fuego eleberri historikoa argitaratu du.
Zure bigarren lana Nada sabes de la quinta estacion liburuaren jarraipena da. Zer kontatzen duzu Arane-n?
Lehenengo liburua bezala, eleberri historikoa da. Ez da horren kostunbrista, ez dut lehenengo lanean egin modura horrenbeste sakontzen matriarkatuan, komertzioetan edota nabigazioan. Hori guztia dagoeneko azalduta dago. Oraingoan, gertaera garrantzitsuetan sakontzen aritu naiz. Zehazki, XIV. mendean gertatutako hiru une gogoangarri hartu ditut. Europa osoa nahasi zuen Ehun Urteetako Gerra da lehenengoa. Ostean, penintsulako erresuma kristauek bat egin zuten Saladoko gudan sakondu dut. Hor bizkaitarrak ere gerrara joan ginen Cadizen, Tarifan. Azkena europar biztanleria zatitu egin zuen izurri beltza da. Hiru gertakari horiekin 25 urteko epea laburbiltzen dut. Erritmo oso bizia darama eleberriak, aurrekoan 600 orrialdetan urte eta erdi igarotzen ziren. Hemen, 300 bat orrialdetan, mende laurdena igarotzen da.
Zer nolako lekuak ezagutuko ditu irakurleak?
Lehen liburua tokikoagoa zen: Bermeo, Sara eta Bizkaia agertzen ziren, baita Burgos eta Sevilla ere. Arane-n penintsula osotik igarotzen dira pertsonaiak: Cadiz, Toledo, Merida, Segovia, Burgos, Palencia, Granada… irakurleak nondik ibili edukiko du. Bermeo da liburuko ardatzetako bat, batez ere, gertaera nabarmenetan; esate baterako, Pedro I. Krudela etorri zenekoa. Gertakari garrantzitsuak batzen zituen eskema bat egin nuen hasi aurretik, eta hortik aukeratzen joan naiz; pertsonaia bakoitza eleberriaren une bakoitzean nondik dabilen ikusita lotzen dut eleberria. Errealitateagaz josita dagoen fikzioa da.
Zer esan dizute dagoeneko irakurri dutenek?
Oraingoa oso eleberri azkarra dela esan didate, asteburu batean irakurtzekoa. Aurrekoa amaitu zen une berean hasten da. Oso amaiera irekia eduki zuen, eta askok esan zidaten ea zer gertatzen zen horregaz. Tira, bada hortik hasi naiz oraingoan. Hasiera goxoa da, baina gero liburua gogorragoa bilakatzen hasten da. Garai hartako bizimodua gogorra zen: gerretan anaiak eta lehengusuak elkar hiltzen zebiltzan. Nik hor ez dut ezer asmatzen, ez da fantasiazko istorio bat. Dokumentazio lan sakona egin dut hori eleberrian sartzeko, baina bildutakotik bakarrik zati bat sartu dut.
Nola kudeatzen duzu informazio hori guztiori?
Ezin duzu iturri bakar batetik edan. Historialari asko daude. Batzuek espainiar idealismoa jarraitzen dute, eta, beraz, fantasia apur bat dago hor. Beste batzuk serioagoak dira; esate baterako, Saladoko gudari buruzko informazio asko dago. Gero norberak egiaztatu behar du bildutako informazio hori zuzena dela. Bataila horretan, adibidez, badaude mairuak 120.000 eta kristauak 20.000 izan zirela ziotenak, baina hori gehiegikeria bat da. Hori egiaztatu egin behar da, iritzi eta gezur asko daude; norberaren sena jarraitzea beharrezkoa da. Azken finean, eleberri bat da, ez tratatu historiko bat, eta noizean behin, askatasunez idatzi dezakezu.
Zergatik Arane izena?
Arane Bermeoko auzogune bat da. Ezin dut azaldu zergatik izendatu dudan horrela eleberria, istoriaren zati bat agerian utziko baitut. Horregatik jarri diot Cronicas de Hierro y Fuego azpititulua. Batailek eta suak ere garrantzia dute liburuan.
Zure bigarren liburua da. Dagoeneko gustua hartu diozu idazteari?
Bai. Lehenengo liburuagaz nire idazteko estiloa bilatzen aritu nintzen. Argi neukan zer zen kontatu nahi nuena, eta hori nola kontatu gura nuen, baina nola idatzi? Nire buruari esan nion sekula ez nuela jakingo zelan idazten den hori lantzen hasten hasi barik. Lehenengo liburuagaz, nire idazteko estiloa aurkitu nuen; horren ondorioz bigarren liburu hau idazteko hiru edo lau hilabete behar izan ditut bakarrik. Gustura aritu naiz idazten, beste segurtasun bategaz.
Lehenengo liburuaren inguruan jasotako kritikek bigarrenean eduki dute eraginik?
Irakurle batzuek nahiago dute eleberri azkarra; beste batzuek istorio sakonagoak nahi dituzte, ostera. Horren inguruan alde batetik zein bestetik jaso ditut kritikak, ez txarrak, ez onak. Oraingoan ere, hainbat arlotan azalpen sakonak eman ditut, baina eleberri azkarra idatzi dut; eleberri historikoaren prototipoa da. Ez naiz inor nire liburua beste bategaz alderatzeko, baina zerbaitekin alderatu behar izanez gero, Ken Folleten eleberriekin alderatu daiteke. Gure ondarea eta kultura ere agertzea gura izan dut. Ez bakarrik Gaztelako erresumekin, Frantziagaz edota Ingalaterragaz ere komertzioa egon zen, izugarrizko mugimendua. Asko harrituta geratu dira gauza horiekin, eta ea horrela gertatu ziren galdetu didate.
Arane euskaratzeko asmorik badaukazu?
Aurreko liburua euskaratzeko lanean ari naiz. Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskaria egin diot, baina erantzunaren zain nago. Ez daukat euskaraz idazteko erraztasun hori, eta oso hiztegi aberatsa duen liburua da. Beste idazle batzuei laguntza eskatuz euskaratu gura nuke.
Idazten jarraitzeko asmoa daukazu?
Bai. Arane argitaratuta, beste proiektu bategaz jarraituko dut. Negu aldera hasi nahiko nuke. Oraingoan, istorio berri bat izango da, garaikidea, baina antzinako kontuekin ere lotura bat izatea gura dut.