"Argizaiola irabaztea errealitate bihurtu zaidan ametsa da"
Argizaiola 2019 argazki lehiaketa irabazi du Aitor Arana Arruti gernikarrak. Bere objektiboagaz eta bere ikuspegitik sortzen eta istorioak kontatzen jarraitzeko ilusioz dagoela azpimarratu du.
Bere argazkien bidez istorioak kontatzen dituela dio Aitor Arana Arruti gernikarrak. Argizaiola 2019 lehiaketa irabazi du, Ametsetan argazkiagaz. Lehiaketaren argazki erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoan jarri dute asteon eta urriaren 31ra arte dago ikusgai (sarrera doakoa da).
Zer bilatu duzu Ametsetan argazkiagaz?
Dantzari jantzita agertzen da ume bat. Urdaibaiko paisaia oniriko bati leihotik begira ageri da neska. Ametsetan izenagaz berak dantzari izateko daukan ametsa irudikatzen edo adierazten du; ume baten ametsak sinbolizatzen ditu. Itsasoa dauka aurrean, eta etxe zahar batean egina da. Nire obsesioetako bat etxe eta leiho zaharrak dira.
Bigarren urtez jarraian parte hartu duzu aipatu lehiaketan. Espero al zenuen saria?
Ez, maila oso altua dagoelako. Aurtengo argazkilari asko hemen zein nazioartean sarituak izan dira. Nik ez daukat esperientziarik; soilik ilusioa eta pasioa ditut. Euskal Herriko lehiaketa garrantzitsuena da, eta Argizaiola irabaztea errealitate bihurtu zaidan ametsa da; ezusteko zoragarria izan da.
Zure ustez epaimahaiak zergatik aukeratu du?
Uste dut argazkiak transmititzen duena baloratu dutela. Argazkilaritzan ikuspuntu asko daude: minimalismoa, paisaiak eta abar luze bat, eta nik argazkilaritza narratiboa egiten dut. Uste dut argazkiak gauzak transmititzen dituelako aukeratu dutela. Ez du ideia konkretu bat transmititzen, baina, argazkiaren gauza askotan islatuta sentitu daiteke hartzailea: etxe zaharra, Urdaibaiko itsas paisaia… Intenporala da, eta nire argazkiei ematea gustatzen zaidan antzinako ukitua dauka.
Astelehenean inauguratu zenuten Bilbon Argizaiola 2019 erakusketa. Zelan joan zen?
Erakusketa ikusteak merezi du; kristoren maila dago. Kalitatezko argazkien erakustokia da. Lehiaketetara aurkezten ez diren argazkilari asko ere badaude, baina Argizaiolan onenak batzen direla esan daiteke. Nire ibilbidea laburbiltzen duen ikus-entzunezko bat aurkeztu nuen, eta solasaldia ere egin genuen. Interesgarria izan zen; argazkilari asko batu ginen. Familiagaz joan nintzen. Eskerrak eman nahi dizkiet eurei, lagunei, bai eta Photokakoei, nigaz lan egin duten modeloei eta horiek makilatzen dituzten Santurtziko LH San Jorgekoei. Denen laguntza eta babesa oso garrantzitsuak dira.
2019koa Bilbon dago eta iazkoa hemen. Zergatik gomendatzen duzu biak bisitatzea?
Bietan Euskal Herrian dauden sortzaileak batzen dira, argazkilaritza maite dutenentzat galduezinezko hitzordua da. Eta argazkilaritza gustatzen ez zaienek ere, kuriositategatik bada ere ikusi beharko lukete. Hemengoan, adibidez, Urdaibaiko argazkiak, erretratoak, itsas paisaiak edo bidaia argazkiak daude. Oso interesgarriak dira; normalean ikusten ez dituzun gauzak daude. Argazkilaritzak errealitatea erakusteaz gain, irreala dena ere islatzen du. Esaterako, fantasia asko dago.
Generación 4K da hemen dagoen zure argazkia.
Hor ere nire ikuspegi onirikoa da; erakusten saiatu naizen nire ametsetako bat. Gaur egun teknologiak eta sare sozialek daukaten garrantzia irudikatzen du; inguratzen gaituen mundu birtuala. Ume bat erditu duen telebista pantaila bat agertzen da. Generazio berria da; 4k generazioa. Gaur egungo gizartearen isla da.
Ez zara argazkilari profesionala, baina honakoa ez da jaso duzun sari bakarra.
Iaz Trofeo Gipuzkoan parte hartu eta Foruko zurrategi zaharreko argazki batengatik Arte Plastikoen Nazioarteko Federazioaren ohorezko aipamen berezia jaso nuen. Aitzindarietako bat da, eta prestigio handikoa. Denbora gutxi daroat honetan, eta oso pozik nago. Zaletasuna da niretzat; nire helburua ez da sariak lortzea. Zure lana aitortzen dutela ikusteak satisfakzioa eta gauzak egiten jarraitzeko ilusioa ematen dizu. Baina, kontuak kontatzen dituen argazkilaria naiz, eta hori da nire asmoa, sortzen eta istorioak kontatzen segitzea.
Hain zuzen, Foruko fabrikari buruzko ‘Salba dezagun kurtiderixie’ erakusketa jarri zenuen hemen orain dela bi urte.
Omenaldi antzeko bat egin gura izan nuen. Daukan historiagatik, eraikinaren ezaugarriengatik eta barruan daukan danagatik jausten dagoela ikusteak pena ematen dit. Txunditzen nauen lekua da; askotan joan naiz argazkiak ateratzera. Ondare historikoa denez, bultzatu eta babestu egin behar da. Euskal industri ondarea galtzen ari garela iruditzen zait.
Beste erakusketaren bat egiteko asmoa al daukazu? Zertan zabiltza orain?
Erakusketak erakusleihoak dira, baina inbertsio garrantzitsua suposatzen dute. Sare sozialak erabiltzen ditut lanak erakusteko. Azkenaldian egiten ari naizen lanekin erakusketa egitea gustatuko litzaidake, eta ziurrenik herrian jarriko nuke lehenengoz. Agian datorren urtean zerbait egingo dut, baina ez da segurua.
Beraz, zuretzat sare sozialak garrantzitsuak dira.
Arriskuak dituzte, jendeak argazkiak lapurtzen dituelako. Nik dakidala niri ez zait gertatu. Gauzak niretzat egiten ditut, eta ondoren datorrena ondoetorria da, baina, ez da bilatzen dudana. Disfrutatzea da asmoa. Nire kritikari handiena neu naiz. Transmititzea eta istoriak sortzea eta kontatzea da nire helburua.