UEMAko lehendakariorde kargua hartu du Aritz Abaroak
Zapatuan Getarian egindako batzarrean hartu zuen kargua Abaroak. Bermeoko alkateak herritarren artean euskara sustatzeko "ahalegin bereziak" egiteko konpromisoa adierazi du.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2019-2023 agintaldiko lehen batzarra egin zuen zapatuan, Getarian. Bertan Mankomunitateko zuzendari batzordea osatuko duten bederatzi kideak hautatu zituzten.
Izendatutako kideen artean, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea izendatu zuten UEMAko lehendakariorde. Beragaz batera, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak hartu du mankomunitatearen lehendakari kargua.
Abaroak adierazi duenez, bere taldeak “herri euskaldun baten aldeko konpromisoa” hartu zuen bere gain udalera sartzerakoan. “Batez ere, gure euskaldun nortasuna balioan jarri gura dugu, gure euskara, Bermeoko euskara”.
Bermeo euskaldun baten alde. Hartutako kargua bide horretatik “lanketa bat egiteko pare gabeko aukera” dela dio Bermeoko alkateak. “Euskara gure izaeragaz, gure nortasunagaz eta gure istoriagaz zuzeneko lotura duen elementu dela pentsatzen dugu, Bermeo herri euskaldun bat delako, eta hori balioan jarri behar dugu”.
Azpimarratu duenez “azken urteetako datuen arabera, euskararen erabileran atzera egin da udalerrian”. Horren harira, udalak “ahalegin berezi bat” egin gura du herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko. UEMAko lehendakari ordearen kargu hartzea bide horretatik doan izendapena dela azpimarratu du Abaroak, eta bertan lan egiteko aukera “aipatutako helburuak lortzeko bideratu” gura duela.
Abaroa eta Lazkanogaz batera Lierni Altuna, Jone Ansotegi, Xabier Balerdi, Aitor Elexpuru, Illart Gumuzio, Beatriz Muro, Nerea Odriozola, Joseba Palenzuela eta Irune Urbieta dira zuzendaritza batzordea osatzen duten kideak.
UEMA 86 udalerriz osatuta dago gaur egun; guzti horien artean 245.000 biztanle inguruko eremu euskalduna eratzen dute. 86 udalerri kide horien artean Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea eta Muxika aurkitzen dira, esate baterako. Udal horiek duten ordezkaritzaren arabera osatu dute zuzendaritza batzordea, “beti ere herrien aniztasun politikoa ahal den egokien islatuz, parekidetasun eta lurraldetasun irizpideekin batera”.