Negu giroko dantzari eguna
Ibarruriko, Bilboko eta Erandioko dantzariek erakustaldia eman dute Ibarruriko Dantzari Egunean. Herriko abesbatzaren zein EinGOko musikarien doinuek musikatu dute egun berezia.
Dantzarik dantza, eta kantuz kantu, udazkenetik negurako jauzia egin zuten Ibarruriko Dantzari Egunean, domekan. Neguak ez du zertan tristea izan, eta ilunetik baino argitik gehiago duela erakutsi zuten.
Kanta zaharrak dioen legez, “San Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da“. Baso Txoritxu dantza taldekoek urtero gai bat aukeratu, eta haren inguruan antolatzen dute euren egun handia, eta aurten Negua izan da. Hala, tradizionalki Euskal Herrian agintariei harrera egiteko dantzak “neguari harrera egiteko” aprobetxatu zituzten. Agintariena eta Dantzari Dantzagaz hasi zuten eguerdiko ikuskizuna, eta ondoren, Mariana, Egi eta Sorgiñak I eta II etorri ziren. Ibarruriko, Bilboko eta Erandioko gizon-emakumeek egin zituzten horiek, eta Ibarrurikoak Polkagaz ere ausartu ziren. “Aurten Zornotzako Udabarri dantza taldeko zenbait dantzari ere etorri dira gizonezkoen taldeak osatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Horrez gain, udalerriko dantza taldeko umeek Korrontziren Emaiogu bostekoa kanta ezaguna abestu zuten, eurek sortutako koreografiagaz. Hain zuzen, taldeko txikienek eduki zuten dantzaldia borobiltzearen ohorea; beren-beregi zortziko berezia prestatu zuten domekarako.
Beste urte batez, herriko abesbatzaren kantakaz tartekatu zuten dantza erakustaldia. San Simon eta San Juda, Udazken koloretan, Neguaren zai edo Ez nau izutzen negu hurbilak… errepertorio ederra eskaini zuten ikus-entzuleen gozamenerako. Dantzak eta abestiak bakarrik ez, herri kirolek ere euren lekua eduki zuten. Lau dantzariren arteab bi bikote osatu, eta trontzan aritu ziren.
Dantza gidatua. Pare bat orduko ikuskizunaren ostean, herri bazkarian elkartu ziren 160 bat lagun. Baina, arratsaldean ere batzuek dantzan jarraitu zuten. Izan ere, EinGO taldeagaz dantza gidatu saioa egin zuten.
Bestalde, umeentzako puzgarria eta jolasak ere egin zituzten, eta iluntzean, txokolatea janez bukatu zuten dantzari eguna.
Beste behin, goizetik iluntzera arte “giro ederra” izan zutela azpimarratu dute antolatzaileek.