Iñigo Landaluze leioarra nagusitu da Zarrabentako asto probetan
Zarrabentako jaiak ospatu dituzte asteburuan, eta herriko Manuel Intxausti probalari ohia omendu dute.
63 untza, 3/4 eta 5,3 m-ko markagaz, Leioako Iñigo Landaluzek irabazi ditu Zarrabentako 44. Asto Probak. Zapatuan eta domekan jokatu zituzten, eta zapatuan Gamizeko Construcciones Torrontegik ezarritako marka domekan hobetu zuen leioarrak. Hain zuzen, Gamizeko astoak 59 untza, 1/4 3,6m egin zuen.
Juan Luis Irazola mallabiarra sailkatu da hirugarren, 57 untza, 1/2 eta 5,6 m-gaz, eta Imanol Erleaga mendatarra geratu da laugarren (53 untza eta 0,90m).
Aurtengo probak herriko Manuel Intxausti omentzeko aprobetxatu dituzte. “Probatan asko ibilia da, batez ere Mendatan. Manta asko irabazi ditu herrian”, azaldu dute proben antolatzaileek.
Asteburu borobila. Umeen jolasekin, zapatu arratsaldean hasi zituzten Zarrabentako jaiak, eta ondoren, astoen demaz gozatu zuten probalekuan. Gauean, bakailao eta txorizo janean elkartu ziren herritarrak, eta eguna borobiltzeko Esteibarren eta Obietaren erromerian “ederto ibili” ziren. Bestalde, domeka eguerdian, herritarrek abestutako meza ospatu zuten zelaian, eta jarraian, Ajangizko Artxube dantza taldekoen txanda izan zen. Eguna girotzeko, gainera, trikitilarien laguntza eduki zuten.