3.000 kilo hondakin atera ditu Izaro Sub taldeak Bermeoko eta Mundakako uretatik
100 bat boluntario ibili ziren garbiketa lanetan zapatuan Itsas hondoen 5. Garbiketa Handian. Iazko ekimenean baino 300 kilo hondakin gehiago bildu dituzte aurten.
Bosgarren urtez, Libera egitasmoak, Ecoembes elkarteak eta Itsas Zaindarien Sareak Itsas hondoen Garbiketa Handia egin zuten asteburuan. Bertan hainbat udalerritako urak hondakinez eta bestelako elementu arriskutsu edota kutsatzailez garbitzeko lana hartu zuten boluntario asko eta askok.
Horien artean, Bermeoko Izaro Sub urpekaritza taldeak eta Bermeoko Udalak antolatuta boluntario taldea aritu zen lanean zapatuan. 100 bat lagunez osatutako garbitzaile taldeak Bermeoko eta Mundakako uretako hondakinak garbitzen ibili zen. Izaro Subekoek azaldu dutenez, guztira 3.000 bat kilo hondakin atera zituzten itsas hondotik, iaz egindako garbiketan baino 300 kilo gehiago.
Denetariko hondakinak. Itsas hondoan utzitako arrantza sareak, botilak eta plastiko poltsak izan ziren gehienbat batu zituzten zaborrak, nabarmendu dutenez. Hondakin arrunt horiekin batera “hainbat elementu arriskutsu” aurkitu zituzten; erabilitako itsasontzietako hiru bateria, adibidez. Gainera, bitxikeria bezala errauts kutxatila bat edota hondoratutako ontzi txiki bat ere atera zituztela aipatu dute.
Boluntarioen artean hainbat talde eta elkartetako kideak aritu ziren lanean. Bermeoko Kikunbera Igeriketa Taldeko edota Axi Ekitaldietako kideekin batera, Urpeko Gasteiz taldeko urpekariak ere batu zitzaizkien Izaro Subekoei, besteak beste. Adierazi dutenez, urpekariek murgiltzean bizitako egoera “gogorra” izan zen, “olatu handiengatik eta ikuspen murriztuagatik”.
Berritasun modura aurtengo Itsas Hondoen Garbiketan hondakinak batzeko erabili dituzten sareak boluntarioen emakume talde batek sortutakoak direla azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek. Zehazki, sare horiek Itsas Zaindarien Sareko kideek itsasotik ateratako sareak erabilita egin dituzte. Proiektu horrekin langile horiei “lan egiteko baldintza duinak” eman, eta aldi berean “sareak sortzeko arteari” bizi berri bat eman gura izan diete, hondakinak izan beharrean zabor horiek ateratzeko baliabideak izateko.
|