Ezagutza, suteei aurrea hartzeko ezinbesteko tresna
Bermeoko bizilagunek 14. Suteei Aurrea Hartzeko Astean parte hartu dute. Biztanleria kontzientziatu eta suteetan nola jokatu behar den azaltzeko ekimenak egin dituzte suhiltzaileekin.
Sua bermeotar asko eta asko beldurtzen dituen elementua da. Kostako udalerriak hainbat sute latz eta gogor bizi izan ditu bere historia luzean. Horietatik asko zauriturik gabeko susto txikietan geratu baldin baziren ere, herriarentzako kolpe gogorra suposatu zutenak ere gertatu dira.
Adibidez, ezin dute ahaztu 2013. urteko apirilaren 11n Alde Zaharreko Nardiz Tar Jon kalea infernu batean bilakatu zuen sutea.
Ordutik hona, gogor lanean aritu dira herritarren artean suak izan ahal dituen ondorioen kontzientziazioa zabaltzeko. Ez hori bakarrik, Bermeoko Udalak behin eta berriz azpimarratu du herrian suhiltzaileen talde finko baten beharra, eta aldi berean herriko boluntarioez osatutako Herri Babesa indartzeko lana egin dute.
Aipatutako helburu horiek guztiek berebiziko garrantzia daukate, baina are garrantzitsuagoa da suteak saihestea lortzea eta ezbeharrak ekiditea, herri seguru baten alde egiteko. Hori lortzeko ezinbestekoa da herritarren artean suteak ekiditeko egin beharrekoak ezagutzera ematea. 2013an gertatutakoa berriz gerta ez dadin elkarrekin lan egitea.
Hori kontuan hartuta, udalak hainbat ekimen antolatu ditu azken urteetan. Besteak beste, Herri Babeserako boluntarioen izen emate kanpainak, suteak saihesteko plangintza eta herritarrak kontzientziatzeko suteak saihesteko kanpainak egin dituzte.
Sentsibilizazio kanpainekin jarraituz, joan den astean bertan 14. Suteei Aurrea Hartzeko Astean parte hartu zuen udalak, Suhiltzaileen Teknikarien Lanbide Elkarteagaz, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileekin, Bermeoko Herri Babeseko boluntarioekin eta Mapfre Fundazioagaz elkarlanean.
Egitasmoaren helburua herritarren artean norbere burua babesteko ezagutzak zabaltzea da. Egunerokotasunean herritarrek denbora gehien ematen duten guneetako arrisku potentzialak ezagutzera ematea, era horretara larrialdi uneetan erreakzionatzeko moduak argi edukitzeko.
Aritz Abaroa alkatearen berbetan, egitasmoaren arduradunek argi ikusten dute suteen aurrean hartu daitekeen neurririk eraginkorrena “prebentzioa” dela.
Hori lortzeko, egitasmoko antolatzaileek Bermeoko ikastetxeetako edota elkarteetako ikasle eta kideekin solasaldiak egin dituzte, baita udalerriko auzoetako bizilagunekin ere. Bermeoko gune edota auzo bakoitzaren ezaugarriak landu, horiek ezagutu eta nola jokatu ikasi zuten joan den astean.
Ikasitakoa praktikan jarri. Teoria ondo barneratuta, ikasitakoa praktikan jartzeko ordua heldu zitzaien bermeotarrei. Horretarako, bariku eta zapatuan Bizkaiko suhiltzaileekin eta Bermeoko Herri Babeseko kideekin batera hainbat ekintza batzen zituen karpa erraldoia jarri zuten Goiko Plazan.
Barikuan, esate baterako, hitzaldietan parte hartu zuten 350 bat ikasle igaro ziren egitasmoaren arduradunek jarritako zirkuitua egitera. Ikasleek larrialdi egoera batean nola jokatu ikasi zuten proba eta tailer desberdinen bitartez.
Lehenengo, gaztetxoek sute simulakro batean parte hartu zuten. Kez beteriko esparru txiki batean ibiltzeko, uneoro horma esku bategaz joz joan behar direla ikasi zuten. Ikusmen murriztuagaz, betiere eskuaren kanpoko aldeagaz aritu behar da, horrela arriskutsuak izan daitezkeen kableak edota material beroak ez eusteko.
Halako egoerak saihesteko suhiltzaileek ke detektagailuen garrantzia azpimarratzen dute. STELeko kideek azken hamarkadan egindako ikerketaren arabera, suteetan izaten diren hamar hildakotatik zazpi kea arnasteagatik hiltzen dira.
Kopuru hori “urtero errepikatu” egiten dela nabarmentzen dute suhiltzaileek. Etxebizitzetan ke detektagailu bat ezartzea ohikoa den herrialdeetan –Erresuma Batuan edota Frantzian–, hildakoen portzentai hori “asko murriztu” dela diote.
Lehen laguntzak. Arriskua dagoen gunetik urrundu ondoren, lehen laguntzak praktikatzeko tailerrean parte hartu zuten umeek. 45 minutuan, Bihotz Birikietako Bizkortzea egiten ikasi zuten, besteak beste. Suhiltzaileek egunerokotasunean erabiltzen dituzten tresnak ezagutu zituzten jardunaldian.
Egoera desberdinetan erabiltzen dituzten jantzi bereziak, suhiltzaileen kamioia eta barruan daramaten tresneria eta gainerako materialak nola funtzionatzen duen azaldu zieten adituek bertaratutakoei.
Jardunaldiak herritar guztiei zuzenduta egon ziren arren, beraien ardatzetako bat umeak zirela azaldu zuten antolatzaileek. Suteei Aurrea Hartzeko Astearen helburua prebentziorako ohiturak barneratzea izanda, etxeko txikienak “familien hezitzaileak” bilakatzea gura izan dute, ezagutza horiek are urrunago hedatu daitezen.
Sute baten aurrean hartu beharreko neurriak. Jabi Elorza eta Patxi Berreteaga Bizkaiko Suhiltzaileen kideek sute baten aurrean jarraitu beharreko pausoak azaldu zizkieten Goiko Plazan egindako tailerretan parte hartu zutenei.
Lehenik eta behin, suteak sortu ez daitezen hartu beharreko hainbat neurri eta arau nabarmendu zituzten. Etxeko entxufeak ez gainkargatzea, instalazio elektrikoa egoera onean dagoela zaintzea edota zartagin batek sua hartzen duen kasuetan, uragaz itzaltzen ez saiatzea gomendatu zuten.
Etxean sute bat pizten bada, hori itzaltzen saiatzea da lehen pausoa. Dena den, hori ezinezkoa dela ikusiz gero, suhiltzaileek gelatik irten eta atea ixtea ezinbestekoa dela diote: “Hori eginda etxeko giltzak hartu eta bertatik ateratzea izango zen jarraitu beharrezko urrezko araua, beste ezer hartu barik”.
Giltzak eskura eduki ezean, horiek gabe irtetea gomendatzen dute suhiltzaileek. “Irteerako bidean ez da igogailua hartu behar, bertan harrapatuta geratzeko arriskua baitago”.
Eraikinaren kanpoaldera aterata, larrialdietara deitu behar da. Suhiltzaileak heltzean, haiei ahalik-eta argibide zehatzenak eman behar zaizkie. Etxeko egitura orokorra eta sutearen jatorria non izan den azaltzeak su-
hiltzaileen lana asko errazten du.
Etxean edo eraikinean egon zitekeen norbaiten falta nabarituz gero, hori suhiltzaileei komunikatzea ezinbestekoa da. Hala ere, etxetik irtetea ezinezkoa den egoerak ere egon litezkeela zehaztu zuten. Adibidez, eskaileretan kea dagoela ikusiz gero, etxean geratzea gomendatzen dute.
“Horietan egin beharrekoa argi dago: sutetik ahalik-eta gehien urrundu eta 112 larrialdi telefonora deitu. Suhiltzaileak heldu bitartean leiho baten ondoan geratzea lagungarria izan daiteke, ingurukoak ohartarazi eta suhiltzaileei zure kokalekua argi uzteko bitarteko bezala. Hori bai, ez da leihoetatik irteten ahalegindu behar, horrek are arrisku handiagoa sortu ahal duelako”.