Oñaberri erreka zeharkatzen duen zubia guztiz berriztatuko dute
Lanak urrian hasiko dituztela jakinarazi du udalak, "ahalik eta azkarren". Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euroko aurrekontua jarri du obretarako.
Foruko Udalak jakitera eman duenez, Oñaberri erreka zeharkatzen duen zubi zaharra eraitsi eta zubi berria eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Zehaztu duenez, euriteen ondorioz izandako uholdeak gertatzerakoan hainbat arazo izaten dira gune horretan. Izan ere, errekak gainezka egiterakoan zubi gaineko errepidea urez betetzen da, Forua zeharkatzen duten ibilgailuak geldiaraziz.
Zubia Foruko zaharren egoitza ondoan dagoen errepidearen azpian dago kokatuta. Hori eusten duten bi zutabeetako bat egoera txarrean dagoela azaldu dute udaletik. Zubi berriagaz, zutabe bakarreko eraikuntza eraikiko dute, Oñaberri errekaren ibilgua hobetuz modu horretara.
Mikel Magunazelaia Foruko alkateak azaldu duenez, euri asko egiten duenean zubiak ez dauka errekan sortzen den ur jarioa igarotzen uzteko lekurik. Hori dela eta, uholdeak sortu eta errepidea urez betetzen da, “zirkulazioa geldiaraziz” eta “momentu kritikoak sortuz”. Horren adibide bezala aipatu ditu iazko urtarrillean izandako uholdeak: “arazo larrienak Muxikan gertatu baziren ere, Oñaberri errekak ere gainezka egin zuen, eta hainbat arazo sortu zituen”.
Zirkulazioagaz batera Oñaberri erreka inguruan dauden etxebizitzen segurtasuna hobetzeko ere egingo dituzte aipatutako lanak. Alkatearen berbetan, uholdeekin eraikinetara ura sartzeko arriskua dago; horietako etxebizitza askok sukaldea beheko pisuan dute, bertako bizilagunentzat arazo handiak eraginez.
Hiru fase. Lanak hastekotan direla zehaztu du Magunazelaiak. Izan ere, iraila amaierarako hasteko asmoa izan dute, baina tartean dauden erakundeak antolatu ahal izateko atzeratu egin behar izan dituzte. 25 asteko iraupena izango dute obrek. Errepidea zabalik mantentzeko lanak hiru fasetan banatuko dituzte, zirkulazioak arazorik ez izateko.
Obrak aurrera eramateko Bizkaiko Foru Aldundiari diru laguntzak eskatu dizkiela azaldu du alkateak. Guztira, 600.000 euroko aurrekontua izango dute lanek; hori Foruko Udalak urtean duen aurrekontuaren erdia dela dio Magunazelaiak, eta diru laguntzak eskatzea derrigorrezkoa izan dela.
Izan ere, errekaren ibilgua hobetzeko lanak egitea forutarrek udalari egindako eskakizunen barnean egon dira. Magunazelaiak Baldatika auzoan egindako obrak ekarri ditu gogora, Upeta errekako uholdeak ekiditzeko 2013an obra handi bat egin baizuten URA agentziagaz elkarlanean. Oñaberrikoa “beste muga” bat izango dela dio alkateak.