Euskal kulturaren grafiti ibilbidea, Gautegiz Arteagan
Grafitien bitartez euskal kulturaren alderdi desberdinak irudikatu dituzte ‘Ibilaldi of Styles’ topaketan parte hartu duten 35 bat artistek. Gautegiz Arteagako hamazazpi hormak bestelako itxura ikusgarria daukate orain.
Artea euskarri askotan jaso, eta aretoetan, museoetan edota kalean ere ezagutara eman daiteke. Kaleko arteak badauka berezko xarma; askatasunez sortu eta erakusten da.
Artearen sormen artistikoa sustatzeko eta herriko gune ezberdinak erakusteko asmoagaz Ibilaldi of Styles egin dute Gautegiz Arteagan, asteburuan. Udalak eta herriko artista Mikel Aldekogaraik elkarlanean burutu dute.
Orain dela bi urte egin zuten lehenengoz, eta oraingo honetan, musikagaz eta umeentzako grafiti tailerragaz osatu dute ekimena. Zenbait djk eta The Riff Truckers taldeak musikatu zieten zapatua, eta domekan ere musika elektronikoa entzuteko aukera eduki zuten herritarrek.
35 bat artistek bizia eman diete herriko 17 hormari. Euskal Kultura gaia ardatz hartuta, kolorea eman diete horma grisei. Euskal mitologia, herri kirolak, arrauna… Edota jai parekideen alde egindako Jaizkibel murala eta Santimamiñen oinarritutako ADU. Ikusgarriak bezain miresgarriak dira egin dituzten lanak. Batzuek gautegiz arteagarren etxebizitzen kanpoaldeak apaintzen dituzte, eta beste batzuek eraikin publikoenak; frontoia eta umeen jolas parkeko komunenak, esaterako.
Sormen lanetan iraganak eta orainak bat egin dute, etorkizunari so. Kaleko artistek egindako kolore hautaketek eta xehetasun bakoitzak asko esaten dute. Egileak iradoki gura duenaren eta ikusleak hartzen duenaren arteko magiaz beteta daude udalerriko hainbat txoko.