Krisi klimatikoaren aurrean "hitzetatik ekintzetara" igaro behar dela aldarrikatu du Bermeoko EH Bilduk
Klima aldaketaren aurkako mundu mailako mobilizazioagaz bat egin zuen Bermeoko EH Bilduk barikuan. Lameran egindako elkarretaratzeagaz batera, gizarteak gaur egun bizi duen "erronkarik handiena" dela aldarrikatu zuten.
Bermeoko EH Bilduk krisi klimatikoaren inguruan egindako mobilizazioekin bat egin zuen barikuan. Koalizikoek azaldu zutenez, “energiaren, klimaren, elikaduraren, ingurumenaren, gizartearen eta demokraziaren krisi sakon batean erabat murgildurik gaude”. Hala izanik, gizarteak “krisi sistemiko” bat bizi duela aldarrikatu zuten.
Hori horrela, krisi klimatikoa gizarteak duen “egungo erronkarik handiena” dela nabarmendu zuten EH Bildukoek: “hainbat eta hainbat ebidentzia ditugu gure inguruan eta Nazio Batuek esaten duten moduan”. Mundua egoera kritiko baten aurrean dagoela-eta, “hitzetatik ekintzetara” igaro behar dela adierazi zuten.
Izan ere, mende amaieran ozeanoetako uren tenperaturak hiru graduko igoera izango du. “Hurrengo hamar edo hogei urteetan hartuko diren neurriek erabakiko dute gure ondorengoen egoera”, azaldu zuten bermeotarrek. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren kasuan, “berotegi efektuko gasen isurketek goranzko joera hartu dutela” diote koaliziokoek. “Europak berotegi efektuko gasen %25a murritzu duen bitartean, hemen %6,2a baino ez da murriztu azken 29 urteetan”.
Tokiko ikuspuntua. Bermeoko EH Bildurentzat tokiko ikuspuntuak “berebiziko garrantzia” duela aldarrikatu zuten. Salatu zutenez, “beste batzuek Bilbora begi denbora larregi pasatzen duten bitartean”, bermekoen proposamenak “tokian tokikoak izan dira”. Horren harira Busturialdeko Ur Partzuergoaren kasua aipatu zuten, “ura ez dela ondasun pribatua” aldarrikatzeko.
“Tokian tokiko uraren kudeaketak krisi kilmatikoaren ikuspuntutik abantaila askoz handiagoak ditu Bilboko Partzuergoan egoteak baino. Oka arro osoak iraunkortasun irizpideetan oinarritutako kudeaketa behar du; gure baso, ibai, landa herri eta industriguneetan ingurumenarekiko arduraz jokatu behar dugu”.
Elikadura burujabearen alde egiteko ere aprobetxatu zuten barikuan, “tokian tokiko ekoizpen eta kontsumoa bultzatu” eta aldi berean lehen “sektoreko langileen baldintzak hobetu eta elikagai kilometrikoen kontsumoa murriztu” gura dituztela adierazteko. Busturialdeko ikastetxeak hori errealitate bihurtzeko lanean hasi direla zehaztu zuten, “emaitza oso onak lortuz”, eta horren alde egiten dutenek “EH Bildu bidelagun” izango dutela adierazi zuten.
“Bermeoko EH Bildutik adierazi nahi dugu arazo global honi aurre egiteko prest gaudela. Burujabetza behar dugu, eskualde eta herri bizi baten alde egingo dugu lan, etorkizunera begira dagoen gizarte justu bat eraikiz. Amalurra eta giza eskubide guztien defentsan konprometituta gaude”.
Elkarretaratzea Lameran. Egindako komunikatuagaz batera, klima aldaketaren aurkako mundu mailako mobilizazioan parte hartu zuen Bermeoko EH Bilduk. Bariku arratsaldean Lameran jarri zuten elkarretaratzea egiteko hitzordua, eta bertan koalizioko kideek bermeotarrekin bat egin zuten “aldaketa klimatikoaren aurrean lan egiteko beharra” aldarrikatzeko.