Arnasguneen garrantzia azpimarratzen duen 'Arnasa gara' kanpaina aurkeztu dute gaur
Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea dira proiektuaren helburu nagusiak. 'Kartzela' serie digitala sortu dute eta herriz herri aurkeztuko dute, tartean, Ajangizen eta Bermeon.
Arnasa gara proiektua sortu eta kanpaina abiarazi dute UEMAk Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartuko duten 22 udalerriekin batera.
Proiektua bi fasetan gauzatuko dute eta hiru osagai nagusi ditu: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.
Euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko sortu dute egitasmoa. Guneok euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu gura dituzte leku horreetako herritarrak. Euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea dute helburu proiektuaren sustatzaileek: “Arnasa Gara kanpainak herri horien balioa nabarmendu nahi du, eta euskararen ongizatean duten garrantzia azpimarratu nahi die herritarrei. Horrela, arnasguneetako herritarrak ahalduntzea bilatuko da ekimen honen bitartez”.
Arnasguneen ahalduntzean eta aitortzan oinarrituta egingo dute lehen fasea. Herriz herri aurkezpen ekitaldiak egingo dituzte urrian eta azaroan. Busturialdeari dagokionez, Ajangizen eta Bermeon egingo dituztela jakitera eman dute, baina eskualdeko herritar guztiak egongo dira gonbidatuta. Ajangizko saioa urriaren 25ean izango da, 19:00etan, Mendietako frontoian, eta Bermeokoa momentuz ez dute zehaztu noiz egingo duten.
Durangoko Azokan amaituko dute lehen fasea. Kartzela serie digitala aurkeztuko dute bertan. Hala ere, herriz herri egingo dituzten aurkezpenetan, seriearen zatitxo bat erakutsiko dute.
Abenduaren erdialdetik aurrera serie digitala Euskal Herri osoarentzat ikusgai egongo da, eta orduan hasiko dute bigarren fasea. Arnasguneak ezagutzera emango dituzte eta duten garrantziaz jabetzeko ariketa egingo dute. “Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko zaie mezua, diskurtsoaren lanketa eginez”.
Ikerketa. Gaur aurkeztu dute kanpaina, baina, aurretik, gegungo egoeraren inguruko ikerketa kualitatibo bat egin zuten, eta horretarako partehartze prozesuak burutu zituzten herriz herri (Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoeta). Arnasguneen artean aniztasun handia dagoen arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak…), zortzi herri horietako esperientziak erabili zituzten ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko.