Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari kargua hartu du Agurne Gaubeka bermeotarrak
Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak babestea eta eskubide horien egoeraren berri ematea dira behatokiaren helburuak. Garbiñe Petriati Ijurraren lekukoa hartu du Gaubekak.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak “ziklo berri bati ekingo dio”. Urteko azken hilabeteetan sartuta, Behatokiak zuzendari berri bat izango du bertako lana gidatzen. Behatokitik jakitera eman dutenez, Agurne Gaubeka Erauskin bermeotarrak hartu du fundazioko zuzendari kargua.
Gaubeka Lan-zientzietan eta Lan-harremanetan ditu ikasketak. Eskubideen arloan lanean aritu izan da orain arte; ikuspegi feministaren alde lan egin du, baita Kataluniako zein Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako sindikalismoan ere.
Orain, bermeotarra administrazioan eta arlo sozioekonomikoan hizkuntza eskubideak bermatzeko lanean ariko da. Zuzendari berriak bere ondoan edukiko du Garbiñe Petriati orain arte zuzendari izandakoa, laguntza eskaintzeko. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak nabarmendu duenez, “Agurne Gaubekak zuzenduko duen hizkuntza eskubideen zaintza lan eta norabide berri honetan beharrezkoa izango da bederatzi urtez zuzendaria izan den Garbiñe Petriatiren esperientzia eta inplikazioa”.
2001etik euskaldunak babesten. Kontseiluak 2001. urtean sortu zuen Hizkuntza Eskubideen Behatokia. “Euskararen lurralde batzuetan hizkuntza eskubideen bermean atzera pausoak ematen zirela eta beste batzuetan behar bezalako aurrera pausoak ematen ez zirela” ohartuta, kontseiluak “egoeraren diagnosi objektiboa egingo zuen erakunde independente baten beharra “zegoela ikusi zuen.
Modu horretara Behatokiak bi helburu nagusi betetzeko xedea dauka. Alde batetik, Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak babestea eta defendatzea bilatzen du fundazioak. Bestetik euskaraz mintzatzeko, administrazioari zuzendu eta administraziotik zerbitzuak hartzeko bai eta orokorrean gizarteak eskaintzen dituen aukerez euskaraz baliatzeko euskal hiztunek dituzten aukerak babestu gura ditu behatokiak.
Aurrerantzean, fundaziotik lan ildo berriak jorratuko dituztela azpimarratu du kontseiluak. Zehazki, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten beste kolektiboekiko aliantza berriak eraiki gura dituzte.