Irakurleen Txokoa eta Antzerki tailerra ekimenak berrabiaraziko dituzte urrian
Irakurzaletasuna eta antzerkigintza sustatzen duten bi ekimenetan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute Bermeon.
Ikasturtea hasita, Bermeoko Udalak kultur ekimenak berriz martxan jarriko ditu. Modu horretara, dagoeneko herriko kultur agendan ohikoak diren Irakurleen Txokoa eta Antzerki tailerra urritik aurrera bueltatuko dira.
Irakurleen Txokoa Udal Liburutegiak eta udalaren Euskera Sailak elkarlanean antolatutako jarduera da. Txokoan parte hartzen dutenek hilean behin euskaraz idatzitako liburu bat ardatz hartuta hausnartu, iritzia eman eta horren inguruko solasaldia egiten dute. Literaturarekiko zaletasuna dutenentzako zuzendutako ekimen hori Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du beste urte batez.
Udaletik azaldu dutenez, partaideen taldea hilabete bakoitzeko hirugarren ostegunean 18:30etik 20:00etara bitartean elkartuko da. Aurtengo egitarauean zortzi liburu irakurtzea aurreikusi dute. Euskal literaturagaz batera, literatura unibertsala ere jorratuko dutela adierazi dute, betiere euskaratutako liburuak hartuta.
Irakurleen Txokoaren helburua “irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lana ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea” dela nabarmendu dute antolatzaileek. 2011. urtean hasitako ekimen horren ikasturte berrian izena ematea doakoa da. Interesatuek udal liburutegian izena eman beharko dute urriaren 16a baino lehen; bertan jasoko dute hilabete horretan irakurri beharreko liburua.
Urriaren 17an egingo duten lehen saioaren ardatza Chimamanda Ngozi Adichie idazlearen Guztiok izan behar genuke feminista liburua izango dela aurreratu dute. Gainera, hileroko batzarrekin batera idazle batekin solasaldia ere egingo dute, “idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko”.
Antzerkigintzaren zaleentzat. Antzerki tailerrari dagokionez, aurten Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak gidatutako ekimena izango da. Tailerrean parte hartzen dutenek ariketa ezberdinen bitartez gorputz eta ahots adierazpena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazioa eta testuak landuko dituzte. Kontzeptu horiek landuta, eszenan praktikan jarriko dituzte.
Arduradunen berbetan, tailerraren xedea “kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea” da. Egitasmoa “antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio gaitasunak landu nahi dituzten” 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Saioak 19:00etatik 21:00etara egingo dituzte Kultur Etxean, urrian hasita ekainera arte.
Antzerki tailerrean parte hartu nahi duenak 115 euroko matrikula ordaindu beharko du. Izen ematea Berhaz bulegoan izango da, irailaren 30aren aurretik.