Elikadura eta emozioen arteko lotura aztertuko dituen hitzaldia prestatu du Lurgozok
Anna Esteve dietistak "Elikagaiak eta Emozioak" izeneko solasaldia eskainiko du Gernika-Lumon. Entzuleek galderak eta zalantzak plazaratzeko aukera edukiko dute.
Lurgozok, Kontsumo ekologikoaren aldeko Urdaibaiko Elkarteak, udazkenera begira prestatutako ekimenen berri eman du. Elkartetik adierazi dutenez, udazkenean erremedio alternatiboak edo osagarriak landuko dituzte: geoterapia, uraren sendotze-gaitasuna, aromaterapia, terapia alternatiboak edo osasungarriak edota gorputza eta burua, esate baterako.
Horrekin hasteko, barikuan Elikagaiak eta Emozioak izeneko solasaldia egingo dute Gernika-Lumon. Anna Esteve dietista eta erizaina ariko da hizlari lanak egiten. Esteve elikadura osasungarrian eta kontzientean aditua da, eta gaur egun arlo horren inguruko tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ditu.
Antolatzaileek azaltzen dutenez, pertsona askok “zenbait elikagaiekiko atxikimenduak dituzte”. Atxikimendu horiek “gorputz fisikoak, emozionalak, mentalak edota barne deskonexioak edo deskonexio izpiritualak sortutakoak” izan daitezke. Hainbat adituren ustez, ez dago elikagai atxikimendurik, energia gabeziak baino.
Esteve emozioen eta horien jatorriaren inguruan ariko da solasaldian. “Nola sortzen dira emozioak?” edota “elikagaiek nolako eragina dute emozioetan?” bezalako galderei erantzuna ematen saiatuko da. Ostean, entzuleek beraien galdera eta zalantzak plazaratzeko aukera edukiko dute.
Solasaldia Maria Agirre aretoan egingo dute, Bakearen Museoaren ondoan hain zuzen ere. Hitzordua 19:00etan jarri dute barikuan, eta interesatuei hurreratzeko deia zabaldu diete.
Lurgozo Urdaibaiko herritarrek sortutako ekimen bat da; bere helburua eskualdean bizi diren “pertsonen osasuna hobetuko duen elkartea sustatzea” da. Horretarako, Urdaibaiko oreka ekologikoa ez ezik, “tokiko sozio-ekonomia sustatu eta Lurraren hobekuntzan lagundu” gura du elkarteak.