Baso irekia, anitza eta inklusiboa inauguratu dute gaur
Biodibertsitatea zaintzea eta errespetatzea bultzatzez gain, aniztasuna eta inklusibitatea oinarri dituen proiektua da Impredecible Basoa. Impredecible taldeak Lurgaia Fundazioagaz elkarlanean gauzatu du.
125 hektareako lursaila da gaur Muxikan inauguratu dutena. “Egi bihurtutako ametsa”. Hori adierazi dute Impredecible taldeko kideek. Lurgaia Fundazioari esker gauzatu dute proiektua, eta Gernikako Arbolaren kimu bat landatuz hasi zuten atzoko inaugurazio ekitaldia. Beste 30 haritz eta zenbait gaztainondo, urki eta astigar landatu zituzten. Izan ere, Lurgaiako kideek ingurura egokitzen diren espeziak aukeratzen dituzte. “Orain dela sei hilabetera arte pinudia zen; hemen ez da berriro baso-ustiaketarik egongo”, azaldu du Jon Hidalgo Lurgaiaren kideak.
Baso irekia, zentzurik zabalenean. Denentzako basoa. Edozein muga gaindituz sortutako proiektua da Impredecible Basoa. Ingurugiroa zaintzearen kontzientziazioan sakonduz, aniztasunaren aldarria lau haizetara zabaltzen duen basoa da.
Impredecible eta Lurgaiako kideekin ONCEren ordezkaritza batek parte hartu du landaketan. Rafa Ledesma Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ONCEren presidenteak ekologiagaz edota ingurugiroagaz lotutako heziketaz mintzatu da. “Ingurugiroa zaintzearen sentsibilizazioa oinarri duten ekintzak oso garrantzitsuak dira. Zentzu askotan hezi behar gara. Somo la huella que dejamos da gure leloa, eta hori lantzen ari gara. Gizartean uzten ari garen arrastoaz pentsatu eta hausnartu behar dugu. Egindako kalteak erreparatzea zaila da, baina etorkizun hobea izateko lan egin behar dugu”.
Zentzumenak pizteagaz batera, kontzientziak pizteko lekua dela azpimarratu du Impredecible taldeko Andi Ginesek: “Denentzako basoa da. Edozein ezintasun duten pertsonak etortzea nahi dugu. Espazio irekia eta inklusiboa da, eta gizartea kontzientziatzeko lekua ere bada. Gure egunerokotasunak planetan duen eraginaz ohartarazi behar gara”. Ginesen kide den Lander Jimenezek eragina eta aniztasuna izan ditu hizpide. “Egiten dugun edozein ekintzak inpaktu bat dauka gure alboko pertsonengan, gure bihotzetan eta baita gure ingurugiroan ere. Orain arte, gure gizarteak artifizializatu ditu gure ekintzak, eta ez dugu kontuan hartu zernolako inpaktua daukaten. Arbola hauek landatuta, nolabait inpaktu horren parte bat konpentsatzen dugu”.
[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKIAK]
Aniztasuna zein biodibertsitatea zaindu eta errespetatzeari buruzko hausnarketa plazaratu du Jimenezek: “ONCEko lagunok pertsonen aniztasunean lan itzela egiten duzue. Guk sartu nahi dugun hazi berriagaz, aniztasun horren garrantzia ekarri nahi dugu ingurugirora. Lursail honen inguruan gehienbat pinuz eta eukaliptoz betetako basoak ditugu. Biodibertsitatea zaindu ez denez, landaketa industrial horiek gaur egun gaixotasun bakarra pairatzen dute. Ingurugirora biodibertsitatea itzuliz gero, ONCEk egiten duen antzerako lana egiten dugu, aniztasuna errespetatzea lortzen dugu; naturaren aniztasun”.
Gero eta baso gutxiago
Lurgaiako Hidalgoren berbetan, Bizkaian arbola asko ditugu, baina baso gutxi: “Gaur egun, motosierrak, baso-lanak dira nagusi; horiek ere aberastasuna sortzen dute eta papera behar dugula argi daukagu, baina, basoak behar ditugu eta baso barik geratu gara. Hemendik aurrera natura bera arduratuko da inguru honetaz. Basoa egiteko basoa bera bezalakorik ez dago”.
Gaur inauguratutako basoa, Nafarroako Orgiko hariztian dagoenaren antzerako interpretazio-ibilbide egokitua egiteko leku aproposa dela aitatu du Lurgaiaren ordezkariak. Inaugurazio ekitaldian “aletxoa” jarrita, aurrerantzean lursaila biodibertsitatez bizitzeko erronka dute esku artean: “Batzuetan, gugaz zerikusirik ez duen zerbait legez berba egiten da ingurugiroaz,eta ez da horrela; ingurumena gure etxea da”.