Urdaibai Koparen azken lasterketa lehiatuko dute Gautegiz Arteagan
Domekan egingo dituzte Gautegiz Arteagako mendi martxa eta lasterketa, eta aurretiaz 320 bat pertsonak izena eman dute. Bildutako diruaren parte bat herrian bizi den Endika Salegi gernikarraren aldeko 'Elkarrekin edozer lortu geinke' egitasmora bideratuko dute aurten.
Lau probak osatu dute aurtengo Urdaibai Koparen egutegia, eta domekan honetan (irailak 8) Gautegiz Arteagan lehiatuko dute azken lasterketa. Beraz, bertan erabakiko dira 2019ko txapeldunak.
Gautegiz Arteagako probaren antolatzaileen arabera, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, behin-behineko sailkapeneko lehenengo bien artean erabakiko dira irabazleak. Aritz Martin edo Paul Hormaetxea eta Elixabete Gonzalez edo Eneritz Alkorta dira txapela eskuratzeko hautagai nagusiak. Laurek orain arteko hiru mendi lasterketak (Ibarruri, Gernika-Lumo eta Ea) lehiatu dituzte. 141 puntu ditu Martinek eta 135 puntu Hormaetxeak; Unai Intxaurraga sailkapenek hirugarrenak 133 puntu ditu. Gonzalezek 138 puntu ditu eta Alkortak 124 puntu. Garazi Sampedro da hirugarrena, 98 puntugaz.
17 km-ko lasterketa burutuko dute Gautegiz Arteagan, eta 70 korrikalarik aurretiaz izena eman dute. Domekan ere izena emateko aukera emango dute ( 14 euro ordaindu beharko dira). Mendi martxa luzea, berriz, 15 km-koa izango da, eta laburra 6km-koa. 09:30ean irtengo dira mendi martxa luzeko partaideak eta ordu erdi beranduago laburrekoak. 10:30ean hasiko dute lasterketa. Momentuz, 200 bat pertsonak izena eman dute martxa luzeena egiteko eta 50 bat pertsonak laburrerako. Aipatu bi martxetan ere izena eman ahalko da egunean bertan; laburra egiteko 8 euro ordaindu beharko dira eta luzerako 14 euro.
Aurreko urteetan modura, izena emandako guztiek jasoko dute probaren kamiseta oroigarria jasoko dute, eta ibilbidean zehar egongo diren hornidura guneez gain, amaieran, luntxa edukiko dute.
Elkartasuna. Gautegiz Arteagako mendi martxaren antolatzaileek gogora ekarri dutenez, aurreko urteetan modura oraingoan ere kirola eta elkartasuna batuko ditu probak. Hain zuzen, aurten lortutako diruaren parte bat Endika Salegiren errehabilitazio tratamendua ekonomikoki laguntzeko sortutako Elkarrekin edozer lortu geinke taldearentzat izango da. “Gure esataria izan da beti eta hemen bizi da. Iaz, esaterako, bi gaixotasun arraroren ikerketan laguntzeko bi elkarteri eman genien dirua eta aurten Endikarentzat izatea erabaki dugu”.