Inoiz baino emakume gehiagok izena eman dute Salome Campos zeharkaldiaren kategoria nagusian
Besteak beste, emakumeen parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, orain arte 5.000 metrotan gehienez, 60 emakumek parte hartu izan dute, eta aurten, 101 emakumek izena eman dute.
Bermeoko portuak urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa hartuko du zapatuan (irailak 7): Salome Campos zeharkaldia. Zazpigarrenez egingo dute aurten, eta 760 igerilarik izena eman dute (iaz 702 izan ziren). Hain zuzen, 5.000 metroko proban inoiz baino emakume gehiagok izena eman dutela azpimarratu dute antolatzaileek. 101 emakumek izena eman dute, eta orain arte, gehienez, 60 izan direla zehaztu dute.
Guztira, 423 pertsonak izena eman dute kategoria nagusiko proba lehiatzeko ( iaz 368). 1.500 metrokoan, berriz, 284 igerilari daude izena emanda ( 85 dira emakumezkoak) eta 500 metrokoan 53 gaztetxo (32 neska).
Beste urte batez, asko dira zeharkaldia egingo duten eskualdeko bizilagunak. Izena emandakoen artean, 82 igerilari dira Busturialdekoak, eta horietatik 54 bermeotarrak ( 18 emakumezko). Era berean, urtero moduan, hainbat igeriketa taldetako kideak egongo dira Bermeon: Gernika-Lumoko Kosnoaga, Sopela Igeriketa Swim, Donostiako Fortuna, Kairoskope eta Konporta, Azpeitiako Izarraitz eta Zaragozako Stadium Casablanca.
Jakitera eman dutenez, Euskal Herriko igerilariez gain, Errioxatik, Kantabriatik, Zaragozatik, Madriletik, Bartzelonatik, Zaragozatik, Valentziatik eta Kaliforniatik etorritakoek lehiatuko dute Bermeoko zeharkaldia.
11:00etan uretaratuko dira lehenengo igerilariak. Hain zuzen, 11-14 urte bitarteko gaztetxoen probagaz hasiko da itsas zeharkaldia. Ohi legez, horiek 500 m egingo dituzte igerian.
Jarraian, kategoria nagusiko igerilarien txanda izango da eta Izaro irlara joan-etorrian 5.000 metro egingo dituzte. Parte hartzaile gehien biltzen duena izanik, erosotasuna eta segurtasuna bermatu asmoz, horiek hiru taldetan banatuta burutuko dute proba aurten; 11:30ean uretaratuko da lehen taldea, 11:33an bigarrena eta 11:36an hirugarrena. 1.500 m-ko zeharkaldia egingo dutenak, ostera, 12:00etan sartuko dira uretara.
Proba egin ahal izateko beharrezko duten materiala banatuko diete igerilariei. Horiek 09:00etatik eta 12:00etara jaso ahalko dituzte txanoak (kategoria bakoitzaren araberako koloredunak) eta txip-ak (orkatilan derrigorrez jarri beharrekoak).
Sari banaketa ekitaldia 15:00ak aldera hastea aurreikusi dute.