Eusko Jaurlaritzak Bermeoko portua bultzatzeko lanak gauzatuko ditu
Legealdi honetan 12,3 milioi inbertituko dituzte portuko jarduketetan. Xixili eta Erroxape kaiak konpontzeko lanak aurtongo azken hiruhilabetean amaituko dituztela baieztatu dute.
Bermeoko portuari “bultzada berria” emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hainbat jarduketa gauzatuko dituela iragarri du. Horien artean, Xixili eta Erroxape kaiak konpontzeko lanak amaitu eta arrain lonja handitzeko lanak hasiko dituzte.
Abuztuan portura egindako bisitan Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika sailburuordea, Aitor Etxebarria Portu eta Itsasoko Gaietako zuzendaria, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuak sozietateko zuzendaria izan ziren. Beraiekin batera egon zen Aritz Abaroa Bermeoko alkatea.
Bisitan Tapiak adierazi zuenez, “legealdi honetan 12,3 M€ inbertituko dira Bermeoko portuko jarduketetan”. Hori horrela, portuaren aldeko apustua egiten ari direla azaldu zuten; horren isla dira Eusko Jaurlaritzak egindako “etenik gabeko inbertsio jarraiak”.
Bi kaietan gauzatzen ari diren obrei dagokienez, “kaiek erakusten duten narriadura egoera konpontzeko” balioko dutela azaldu dute. Otsailean hasi zituzten lanak, merkataritzako enpresen kargan eta deskargan aritzen diren makina astunen erabilerak eta itsasoak eragindako kalteak konpontzeko.
Erroxape kaian azalera osoko zoladura berriro ipintzeagaz batera, kaltetutako zerbitzuak berrezarri eta merkataritzako kaien drainatze sare berria eraikiko dituzte. Zehaztu dutenez, amilburuaren gailur kota 0,5 metro altxatuko dute. Jarduketaren esleipen aurrekontua 1.508.704,95 eurokoa izan dela azaldu dute, BEZa aparte.
Xixili kaian berriz, egitura konpondu eta biltegiratze gunearen zoladura hobetuko dute, “portuaren behar berrietara egokitzeko”. Merkataritzako kaien drainatze sare berria ere eratuko dute, eta kaltetutako zerbitzuen berrezarpena osatuko dute. Esleipen aurrekontua 1.027.651,54 eurokoa izan dela zehaztu dute, BEZa aparte.
Arrain lonja. Arrain lonja handitzeko lanak 2019a amaitu baino lehen hastea aurreikusi dutela iragarri zuen Tapiak, 1.135.267,66 euroko oinarrizko aurrekontua duen lonja handitzeko lizitazio prozesua hasi ostean. Lanak gauzatzeko sei hilabeteko epea eman dute; 2020ko udarako obrak amaitzea aurreikusi dute.
Azaldu dutenez, lonjak gaur egun 2.413,65 m²ko azalera du. Egokitze lanekin eraikinari modulu bat gehituko diote, “geometria errepikatuz”, eta horrela 3.284,24 m² izatera pasako da. Horietatik 2.642,28 m² beheko solairuan egongo dira.
Zehazki, beheko solairuan 787,46 m² gehituko dituzte; horiek kutxak eta tinak biltegiratzeko, izotz silorako, biltegi eta instalazioetarako eta igogailuak eta eskailerak egiteko erabiliko dituzte. Lehen solairuan, beste aldetik, izotz fabrikarako izango diren 51,56 m² gehituko dituzte. Horrela, guneak une honetan dituen arazo larrienak konpondu nahi dituzte.
Alde batetik arrain kutxen eta tinen biltegiratzerako beharrezkoak diren higiene eta osasun baldintzak beteko dituzte, lonjaren egitekotik sortu ahal diren eskariei “behar bezala erantzuteko”. Izan ere, une honetan biltegiratzeko gunea arrain lonjatik kanpo aurkitzen da, 200 metrora.
Bestalde, handitze lanak egingo dituzten gunean izotz fabrika kokatu gura dute, “siloari, itsasontziei eta kamioiei hornidura egokia eman ahal izateko”.
Izotz fabrikaren instalazioa milioi bat eurotan lizitatzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak, BEZa aparte. Lonjaren obra zibila amaituta, lanak hasi ahal izateko 2020ko lehen seihilabetekoan egingo du.
Hobekuntza gehiago. Aipatutako lanekin batera, Bermeoko Babes Dikearen barruko mantuaren indartze lanak egiten ari direla iragarri zuen Azpiegituretako sailburuak. Hain zuzen ere, 2016an izandako ekaitzen ondorioz hasitako larrialdi obraren bigarren fasea da.
Lehen fasea 2017an amaitu ondoren, 2020ko lehen seihilekoan jarduketaren 2. fasea lizitatu gura dute. 1.540.941,49 eurorengatik egitea aurreikusi dute, sei hilabeteko iraupenagaz.
Portura heltzen diren aisialdirako ontzien kopurua handiagotuz doala azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak. Hori horrela, Bermeoko portuan itsasoa aisirako erabiltzen duten pertsonen beharrekin bat etorriko diren zerbitzu eta instalazio egokiak edukitzeko beharra aldarrikatu du.
Itsas turismoagaz erlazionatutako jarduera berrien garapenaren ondorioz, bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko pantalanaren instalazioa beharrezkotzat ematen dute, “itsasoko turismo jarduera horiek aurrera daramatzaten enpresek euren lana egin dezaten”.
Beharrizan horiei erantzuna eman eta aisirako ontziak amarratzeko lekuen kopurua handitzeko asmoz, Artza inguruan pantalan gehiago eraikitzeko proiektua sortzen ari da Eusko Jaurlaritza. Ekimena 2020. urteko udan gauzatzea aurreikusten du.