Ekaitz Lejarzegi eta Silvia Trigueros nagusi, Mendatako 15. mendi maratoian
480 parte hartzaile batu ditu Mendata Ezagutuz probak aurten. 36 korrikalarik egin dute mendi lasterketa; emakumezkoetan 2007tik ezarrita zegoen marka hobetu du Triguerosek.
Ekaitz Lejarzegi Urizarrek eta Silvia Trigueros Garrotek irabazi zuten Mendatako 15. mendi maratoia, atzo. Bizkaiko Mendi Lasterketa I. Ligarako puntuagarria izan zen eta 36 korrikalarik egin zuten Mendatako lasterketa (42,195 km). Guztien artean Lejarzegi izan zen azkarrena; hiru ordu, 43 minutu eta 33 segundotan amaitu zuen arrolapetarrak. Lau ordu, hamabost minutu eta 54 segundotan burutu zuen Triguerosek, emakumezkoetan errekorra ezarriz. Izan ere, 2007tik ezarritako zegoen marka hamabost minututan hobetu zuen atzo. “Mundu mailako probetan ere aritzen da, hemengoa baino lasterketa luzeagoetan eta aipagarria da lortu duena. Iaz ere etorri eta bera izan zen irabazlea”, azaldu dute antolatzaileek.
15. mendi maratoia eta 20. ibilaldi neurtua egin dituzte aurten, eta urteurren bereziok nabarmentzeko ezohiko eran apaindu zuten frontoiko agertokia. Probaren kamiseta da euren ezaugarri nagusietako bat, eta 20 ediziotakoekin photocall dotorea prestatu zuten: “Bertaratutako askok argazkia egiteko eta ibilaldi honen historia gogoratzeko leku aproposa izan zela uste dugu; batek baino gehiagok aurreko urteetako kamiseta nola lortu zezakeen galdetu zigun”.
Guztira 480 bat parte hartzaile egon ziren atzo. “Aste osoa eguraldi iragarpenei begira egon ostean, esan behar dugu espero baino hobeto bukatu genuela eguna”, adierazi dute antolatzaileek. Hain zuzen, proba amaituta frontoian egin zuten herri bazkaria. Parte hartzaileen eta antolakuntza lanetan aritu zirenen artean, 650 lagunetik gorak bazkaldu zuten sukalkia.
Proba sendotuta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek, baina emakume gehiagok parte hartzea da euren erronka nagusia. “Urtero portzentaiak ateraten ditugu eta purka-apurka emakumezkoen parte hartzea igotzen doa. Aurten %32ra heldu gara, eta orain arte %28 ingurukoa izan da. Aurten ere beste pauso txiki bat ikusi dugu, nahiz eta oraindik gizonezkoen aldean txikiagoa izan. Hurrengo urteerara begira badugu lana parte hartzeari dagokionez berdintasunera heldu nahi badugu, batez ere lasterketa modalitatean. Hor portzentaia oso baxua daukagu; emakumezkoak lasterketara etortzea gehiago kostatzen zaigu. Uste dugu badagoela zer landu”. Aurten esaterako, hiru emakumek izena eman zuten eta azkenean bik parte hartu ahal izan zuten.
Urtez urte hobetzen saiatzen direla diote antolatzaileek. Hain zuzen ere, hori lortzeko lagungarria izaten zaie parte hartzaileei banatzen dieten galdetegia. “Pila bat laguntzen digu; datorrenaren ikuspuntua edukitzea oso garrantzitsua da. Azken finean eurentzat antolatzen dugu. Jendearen iritzia bilduta moldaketak edota aldaketak egin ditugu batzuetan. Bilakaera horretan asko lagundu digu”. Bestalde, partehartzaileei, boluntarioei zein babesleei eskerrak eman dizkiete. “200 bolondresetik gora egon gara aurten. Eskerrak eman behar dizkiegu aurtengoei zein orain arte egon direnei. Asko gara hasieratik gaudenak, baina, herriko gaztetxoak ere laguntzen egon dira. Hori oso positiboa da; hurrengo edizioetara begira gazteak sartzea eskertzekoa da”.