11.749 ikaslek parte hartu dute Ekoetxea Urdaibairen eskola programa didaktikoan
150 eguneko iraupena izan duen adin guztietako ikasleei zuzendutako programak unitate didaktikoak, modulu hezigarriak eta bisita gidatuak batu ditu. Ebaluazio positiboa lortu dute ikastetxeetako arduradunen aldetik.
2018-2019 ikasturterako lau unitate didaktikoz, bi modulu hezigarriz eta mota desberdinetako bisita gidatuz osatutako eskola programa didaktikoa burutu du Busturiko Madariaga Dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibai Zentroak.
Bertan, 11.749 ikaslek eta 1082 irakaslek parte hartu dutela jakinarazi dute zentrotik; programak 150 eguneko iraupena eduki du, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 184 ikastetxek parte hartu dute.
6.484 ikasle eskolako unitate didaktikoetan parte hartzen aritu dira, eta gainerako 5.265 ikasleek bisita gidatuak eta beste ekintza batzuk hautatu dituzte. Azaldu dutenez, joan den ikasturteko parte hartze zifrak mantentzea lortu dute.
Eskaini dituzten jarduerak “adin desberdinei egokituta” egon direla nabarmendu dute Ekoetxeakoek, “betiere ikastetxeen premiak kontuan hartuta”.
Hori horrela, ikasleek gehien eskatutako unitate didaktikoa Biodibertsitarearen hastapena izan dela zehaztu dute arduradunek. Bisita gidatuen artetik gehien burututakoa “padurarena” izan da. Hezkuntza zikloei dagokienez, lehenengoko zikloa izan da ikastetxeek gehien eskatu dutena unitate didaktikoetan, eta bigarren zikloa bisita gidatuetan.
%84ak euskaraz. Hizkuntzari dagokionez, “taldeen %84ak euskara aukeratu dute jardunaldiak burutzeko”. Zentrokoak pozik agertu dira irakasleengandik lortutako ebaluazioengatik. Arduradunen berbetan, “izugarrizko emaitzak” lortu dituzte, unitate didaktikoetan 9,39ko batez bestekoa lortuta, eta 9,8ko batez bestekoa bisita gidatuetan. Emaitza horiekin “joan den ikasturteko datuak hobetu” dituztela argitu dute.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunarekiko ingurumen eta heziketa arloetarako zehaztu duen ildo estrategikoari jarraitasuna eman diotela nabarmendu dute Ekoetxeakoek. Esperientziak “emaitza onak ematen” dituela diote. Etorkizunean egingo dituzten jardueren eredu bezala hartuko dute ildo estrategiko hori.