Nekane Murga: "Gernika-Lumoko ospitaleari esker, irisgarritasuna hobetu da"
Ospitaleak eskaintzen dituen zerbitzu sorta handituz joan da azken urteetan. Osasun Sailburuak ospitalea bisitatu du gaur goizean, instalazioak ezagutu eta zentroko langileekin berba egiteko.
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 56.000 herritarrei laguntza medikoa eta ebazpen azkarreko zerbitzu aurreratuak eskaintzen dizkion zentroan egon dira gaur Nekane Murga Osasun sailburua eta Juan Luis Diego Osakidetzako Zuzendari Orokorra. Abenduan zazpi urte beteko dituen Gernika-Lumoko ospitalea ezagutzeko, zentroko arduradunekin batu dira.
Bisitan Gernikaldeko Lehen Mailako Arretako Unitatea ezagutu dute. Bertan “herritarren osasun beharrei erantzuteko ezinbestekoak” diren lehen mailako arretako taldeen lanak eta bi maila asistentzialen, lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren koordinazio lanak duen “balioa egiaztatu” dute.
Osasun sarea. Adierazi dutenez, bi eskualdeetako mankomunitateekin elkarlanean hasita eta 2013an tokiko osasun sarea sortuta “lehen mailako arreta talde horrek lan asko egin du azken urteetan koordinazio soziosanitarioa hobetzeko”. Osasun sareagaz “herritarren arreta soziala eta sanitarioa hobetzen duten ekimen eta proiektu orokorrak garatu” dituzte.
Arreta Unitate hori bisitatzeagaz batera, hamalau kontsulta, bi ebakuntza gela, prozedura endoskopikoen gela bat, anestesia osteko bizkorketako unitate bat, kirurgia handi anbulatorioko unitate bat, larrialdietako eremua, erradiologiako eremua, laborategia eta erditzeko aurreko eta erditze ondoko heziketa gela bat ere bisitatu dituzte sailburuak eta zuzendariak.
Murgak nabarmendu duenez, “Gernika-Lumoko ospitaleari esker, irisgarritasuna hobetu da”. Bere berbetan, ospitaleagaz osasun arreta eta etxerako ospitaleko arreta “herritarrei gerturatzeaz gain”, hainbat zerbitzu eremu bakar batean bildu dituzte. Esaterako, aipatutako Gernikaldeko lehen mailako arreta, buruko osasun edota errehabilitazio zerbitzuak eskaintzen ditu ospitaleak.
“Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategietako bat aurrera eraman” eta aldi berean “baliabideen optimizazioan lagundu” du ospitaleak. Hori horrela, “arretaren integrazioaren eredu” bilakatu dela adierazi du sailburuak. Zehaztu duenez, ospitaleak “urtean Galdakao-Usansoloko ospitalera egiten ziren 60.000 joan-etorri saihesten ditu“; hala, “osasun zerbitzu espezializatuak eskuratzeko denbora murrizten da”.
265.835 kontsulta. Osasun sailburuak 2012ko abenduan ospitalea martxan jarri zutenetik izandako jarduera datuen berri eman du. Azpimarratu duenez, zentroak azken urteetan eduki duen zerbitzu zorroa “handitu” egin du. Zerbitzuen zabalkuntza hori “modu mailakatuan” ezarri dute.
Izan ere, 2012an zentroak zituen hamahiru osasun espezializateei Neurologia, Etxeko ospitalizazioa eta OTA edota mamografiak gehitu dizkie. Murgak azpimarratu duenez, 2018ra arte 265.835 kontsulta egin dira ospitalean. 2013an buruko osasun, errehabilitazioa eta larrialdi zerbitzuak Gernikako osasun etxetik ospitalera lekualdatu zituzten.
2014an, bestalde, jarduera kirurgikoak gauzatzen hasi ziren zentroan. Urtero ia 24.000 larrialdi artatzen dituztela iragarri zuen sailburuak, 126.387 guztira, 2019 aurretik. Sailburuak bertan egindako prozedura datuak zehaztu ditu: kirurgia handi anbulatorioko 3.192 ebakuntza egin dituzte, baita 699 kolonoskopia eta 1.016 gastroskopia ere. Ez hori bakarrik, kirurgia txikiko 5.292 ebakuntza ere egin dituztela nabarmendu du.
Ospitaleak berrikuntza bat edukiko du irailetik aurrera. Sailburuak adierazi duenez, Kardiologiako erantzun azkarreko kontsulta abiaraziko dute hilabete horretan. Kontsulta zerbitzu horrekin, pazienteek “egun berean” egin ahalko dituzte espezialitate horretako beharrezko probak, “ekokardiogramak edo esfortzu probak”, esate baterako.