Musikaz eta dantzaz beteriko astea
Abuztuaren bigarren astean egingo dituzte Bermeoko 34. Nazioarteko Musika Astea eta 33. Nazioarteko Folklore Jaialdia.
Bermeoko 34. Nazioarteko Musika Astea eta Alkartasuna Dantza Taldearen 33. Nazioarteko Folklore Jaialdia aurkeztu dituzte gaur, Kultur Etxean.
Abuztuaren 5etik 9ra bertoko zein kanpoko musikarien doinuek hartuko dute herria, eta abuztuaren 10ean, berriz, askotariko dantzez gozatuko dute Artza frontoira hurreratzen direnek. Halere, Bermeo ez da izango folklore jaialdiaren eszenatoki bakarra. Izan ere, abuztuaren 9an Mundakan ariko dira folklore jaialdiko dantza taldeak, eta abuztuaren 11an, berriz, Busturiko Altamiran eskainiko dituzte euren dantzak.
Xixongo Agrupacion Folclorica Asturiana Los Xustos, Errusiako Yunost eta Errumaniako Nuntasii Bihorului dantza taldeak dira aurtengo gonbidatuak. Artza frontoiko emanaldian herriko dantzariek ere parte hartuko dute, eta Mundakan ere bertakoen dantzekin osatuko dute saioa.
21:00etan hasiko da Artzako ikuskizuna. Sarrerak 5 eurotan jarri dituzte, eta frontoian bertan erosi ahalko dira 19:00etatik aurrera. Bezperan, 20:00etan hasiko dute Mundakako emanaldia, eta abuztuaren 11an, ostera, 19:00etan hasiko dute Altamirakoa.
Egoitz Barrena dantza taldeko presidentearen berbetan, Asturiaseko dantza talde zaharrenetarikoa da Busturialdera etorriko dena. “Bestalde Errumaniatik 35 bat lagun etorriko dira; talde handia da lauzpabost musikari izango dira eta gainontzekoak dantzariak. Eszenatokia beteko dute, eta ikusgarria izango da hainbeste dantzari eszenatokian ikustea. Errusiako taldea orain dela 50 bat urte sortu zen, eta 20-25 urte bitarteko dantzariek osatzen dute. Uste dugu horien saioa ere ikusgarria izango dela”.
Dantzaz gozatzera hurbiltzeko gonbidapena egin du herriko taldeko presidenteak, eta iaz moduan, aurten ere ikusleak ikuskizunagaz asebete eta frontoitik pozik irtetzea espero dutela adierazi du. Halaber, jaialdi hau antolatzeko daukaten laguntza eskertu du: “Udalari, aldundiari, Eleizalde Ikastolari, Mundakako Egunsenti dantza taldeari eta Busturiko Udalari eskerrak ematen dizkiegu urtetik urtera hau aurrera eramaten laguntzen digutelako”.
Folklore jaialdia baino gehiago dela gogora ekarri dute gaurko agerraldian. Izan ere, dantzari gonbidatuak lauzpabost egunetan Bermeon egoten dira, bertoko kultura ezagutuz; bertoko eta kanpoko dantzarien artean hartu-emana sortzen da. “Nazioarteko ekitaldiekin hasi ginenean, elkartrukea izatea zen asmoa. Eurak hona etortzen ziren eta gu euren herrietara. Gaur egun hori ez da hain erraza. Baina, esaterako, Asturiaseko taldekoak iaz Kanarietan ezagutu genituen, eta horri esker harreman bat sortu eta gonbidatu egin ditugu”.
Alazne Zumeta Kultur eta Hezkuntza zinegotziak musika astea zein folklore jaialdiak “ekitaldi oparotsuak” izango direla azpimarratu eta aldundiaren eta Itsuki Irratiaren laguntza eskertu du. Halaber, Susana Regidor kultur teknikariak eman ditu musika asteari buruzko xehetasunak.
Nazioarteko musikaren plaza. Askotariko musika askotariko publikoarentzat. Horixe eskainiko du 34. Nazioarteko Musika Asteak. Abuztuaren 5etik 8ra bitarteko kontzertuak Santa Maria elizan eskainiko dituzte (doan), eta abeztuaren 9an, ostera, Kafe Antzokiko oholtzara igoko dira Manez eta Kobreak taldeko kideak (sarrera 6 euro). Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.
Tanar Quartet eta Tangoak irekiko du Nazioarteko Musika Astea. Ganbara taldeak (pianoa, biolina, akordeoia eta kontrabaxua) XX. mendeko tangoaren berritzaile handienetakoa izan zen Astor Piazzolaren hainbat obra interpretatuko ditu, “modu instrumental batean”. Abuztuaren 6ko kontzertua berezia izango da bermeotarrentzat. Izan ere, 25. urteurrena bete duen etxeko Izaro Abesbatza ariko da Santa Maria elizan. “Era batera edo bestera Bermeoko musikariek parte har dezaten saiatzen gara. Ahots Zuriaren kontzertua izango da; emakumeen ahotsak izango dira protagonistak. Polifonia, folklorea, pop-a, rock-a, euskal kantak… denetariko kantuen erakustaldia egingo dute”, azaldu du kultur teknikariak.
Biharamunean ere, beste ganbara talde baten emanaldia hartuko du elizak, Gasteizko Magna Boskotea, hain zuzen. “Haizea eta metala oinarri hartutako egitarau berezia eskaintzera etorriko dira”. Abesti zahar edo klasiko batzuk eskainiko badituzte ere, gehienbat gaur egungoak joko dituzte.
Eguenean ere gonbidatu berezia edukiko dute: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. “Askotan etorri da; 3-4 urterik behin ekartzen dugu. Bizkaiko herrietatik bira egiten dute udan, eta aukera badugu lekua egiten diegu”. Regidorrek zehaztu duenez, Espainiako orkestren zuzendaritzan maisu handienetako bat den Lucia Marin ariko da zuzendari lanetan, eta bakarlari moduan, Natalia Sanchez flautista ariko da.
Musika astea borobiltzeko, bermeotarrekin estua daukan taldea aukeratu dute. Thierry Biscary baxenafartarraren Manez eta Kobreak musika proiektua Bermeon iaz egin zen ezaguna. Euren diskako 100 alargunen dantza abestian Bermeoko galernaren historia jaso zuen, eta azaroan, Bermeon grabatu zuten bideoklipa, herriko Alkartasuna Dantza Taldeko eta Lekeitioko Etorkizuna taldeko emakumeen parte hartzearekin.
34. Nazioarteko Musika Astea:
- Abuztuak 5, astelehena (20:00): Tanar Quartet eta Tangoa, Santa Maria elizan.
- Abuztuak 6, martitzena (20:00): Izaro Abesbatza (ahots zuriak), Santa Maria elizan.
- Abuztuak 7, eguaztena (20:00): Magna Boskotea, Santa Maria elizan.
- Abuztuak 8, eguena (20:00): Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Santa Maria elizan.
- Abuztuak 9, barikua (20:00). Manez eta Kobreak, Kafe Antzokian.