Pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaldu du Orain Presoak bizikleta martxak
Barikuan Luhuson hasi zuten bizikleta martxa eguerdian ailegatu da Gernika-Lumora. Euskal presoek gaur egun oraindik bizi dituzten eskubide urraketak landu dituzte hiru egunotan zeharkatu dituzten herrietan.
Iaz Mont de Marsan espetxea eta Zaballako espetxea batu zituen bizikleta martxa egin zuen Sarek, eta aurten, elkarbizitzaren eta bakearen sinbolo diren bi herri batu ditu, Luhuso eta Gernika. Pedalkadaz pedalkada, elkarbizitzaren eta bakearen aldarria zabaltzea izan du helburu Orain Presoak bizikleta martxak.
Lapurdin hasitako ibilbidea gaur amaitu dute Busturialdean. Atzo Zarautz eta Lekeitio arteko etapa egin ostean, goizean Lekeitiotik abiatu, eta eguerdian ailegatuko dira Gernika-Lumora. Foruen plazan egin dute ekitaldia. “Peldalkadaz pedalkada, pausoz pauso, parlamentuetatik, batzar nagusietatik, udaletatik edota kaletik erakusten ari gara euskal presoek jasaten dituzten eskubide urraketen amaiera nahi duela herri honen gehiengoak”, esan du Joseba Azkarragak. Hain zuzen, hiru egunotan mezu hori helarazi dute txirrindulariek, eta Sare Herritarraren aldarrikapenagaz bat egiten dutenak asko eta asko direla ikusi dute zeharkatu dituzten udalerrietan.
“Mendekuan oinarritutako” espetxe politika presoen senideei ezartzen zaiela salatu dute beste behin: “Eskubide urraketaren eta mendekuzko espetxe polikaren kontra lan egin behar dugu. Oraingoan, Luhuso eta Gernika dira erreferentziak; biak ala biak bakearen sinbolo dira. Luhuson biolentziari amaiera emateko prozesu garrantzitsu bat hasi zelako eta Gernika bakearen nazioarteko sinbolo delako”.
Elkarrekintza. Egungo espetxe polikaren aldaketa izan behar zuten bi leku sinboliko elkartzearen ideiagaz egin zuten iazkoa, eta horregatik aukeratu zituzten Mont de Marsan eta Zaballako espetxeak: “Mont de Marsanen kasuan, gizarte zibilaren aktibazioagaz eta konpromisoagaz lortu zen frantziar estatuarekin pauso batzuk ematea. Baina, oraindik orain, frantziar estatuak presoen aterabideari benetan heldu gabe jarraitzen du, eta arazoa benetan konpondu gabe. Beraz, lanean jarraitu behar dugu benetako konponbide bat lortzeko. Zaballaren eta espainiar estatuaren kasuan, entzun dugu espetxe politika aldatzeko intentzioa eta jarrera badaukatela, baina praktikan ez dugu aldaketarik ikusi”.
Esan dutenez, Mont de Marsaneko adibidea argia da. Gizarte zibilak “estatuen egiturak aldarazteko” duen garrantziaren adierazle dela gogora ekarri dute: “Konponbidearen bidean aurrerapausoak emateko urte eta erdi lehenago atxilotu eta inputatu zituztenekin eseri zen frantziar estatua. Justizia eta gobernu frantziarragaz esertzea lortu zuten, eta hainbat euskal preso euren bizilekuetatik hurbilago egotea lortu zuten”.
Kalean, instituzioetan, lanean… leku guztietan elkarrekin lanean aritzea aldarrikatu dute, presoen etxeratze prozesua martxan jarri ahal izateko. Denen artean, kalean elkarrekin elkarbizitza eraiki behar dela azpimarratu du Inaxio Oiartzabalek: “Errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko elkarrekintzan jardun behar dugu”.
Orain arte euskal esparruan, Euskal Herrian lan egin dutela esan dute Sare Herritarraren ordezkariek, baina, orain, aldarrikapenak “gauzak legez aldatzeko gaitasuna edo ahalmena” duten lekuetara iritsi behar direla nabarmendu dute, Europara zein Espainiara: “Hori da eman beharreko hurrengo pausoa; ez dugu atzerapausorik emango. Eta pausoren bat atzera emanez gero, indarra hartzeko izango da. Orain dela bost urte Sare Herritarrak lehen pausoak eman zituenean jarri genituen helburuak lortzeko izango da. Lortuko dugu”.