Aztarnategi arkeologiko berria aurkitu dute Gautegiz Arteagan
ADES Espeleologia Elkarteak Atxarre mendi multzoan egin du aurkikuntza. Tibia eta sahiets hezur bana, eta zeramika zati bi gorde dituzte.
Gernika-Lumoko ADES Espeleologia Elkarteak Atxarre mendi multzoan egindako ikerketa lanaren emaitza izan da aztarnategi arkeologikoaren aurkikuntza. Gautegiz Arteagan kokatutako haitzulo batean egin dute aurkikuntza.
Elkartekoek azaldu dutenez, “1960ko hamarkadan Bizkaiko Espeleologia Taldeak katalogatutako koba bat berraztertzen” aritu izan dira. Haitzulora bertaratzerakoan, espeleologoak “karstaren zientziei buruzko ohiko datu bilketa” egin dute. Bilketa hori gauzatzerako orduan aurkitu zuten aztarnategia.
Aurkitutako aztarnen artean tibia eta sahiets hezur bana, eta zeramika zati bi daude. Horiek lurrazalean zeuden, “erraz zapaltzeko eta hausteko moduan”; hortaz, horiek jaso eta gordetzea erabaki dute. Aztarnekin batera kobazuloaren hormak ere miatu dituzte labar-artearen bila, “zenbait orbain aurkituz”. Dena argazkitan jaso dute.
Ondare Kulturala. Nabarmendu dutenez, aurkitutako materialak eta kobazuloari buruzko txostena Bilboko Arkeologi Museora eraman dituzte elkartekoek. Museoan materialen gaineko lehen azterketa bat gauzatuko dutela jakinarazi dute, besteak beste materialak zein garaitakoak diren zehazteko asmoz.
Gainera, aztarnategia Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren datu basean katalogatuko dutela azpimarratu dute, “interesa duten espezialistek hura ikertzeko aukera izan dezaten”.