Eztenako gazteek Bloke Naranjan "utzararazte ilegal baten" saiakera salatu dute
Asteburuan bi gizonezko blokera sartu eta materiala lapurtu dietela jakitera eman dute. Eraso honen atzean, "azpijoko bat" dagoela uste dute Eztenako kideek.
Eztena proiektuaren kideek Bloke Naranjan jaso berri duten erasoa irmo salatu dute. Diotenez, eraikinaren “aterarazte ilegal” baten saiakera bizi izan zuten zapatu iluntzean.
Bi gizonezko Bloke Naranjara indarrez sartu izana deitoratu dute. Kontatu dutenez, bizilagun bati “bortizkeriaz” aurre egin, bultzatu eta kanpora ateratzeko eskatu zioten. Jarraian, solairuetako bateko atea irekita zegoela ikusi, eta dena miatzen hasi ziren: “Armairu eta tiradera guztiak ireki eta gure materiala ostu zuten. Aldean zeramaten giltzak probatu zituzten ahal izan zuten ate guztietan. Beraien jarrera eta eraikinean ibiltzeko modua ikusita, Bloke Naranja ezagutzen zutela esan dezakegu”.
Gertatutakoa ikusita, 15 bat gazte hurbildu ziren eraikinera eta bi gizonezkoekin berba egitea lortu zuten. Horiek “bueltatuko zirela mehatxatuz” alde egin zuten. 22:30ak aldera, Pasealekuko eskaileretan ikusi zituzten bi gizonezkoak beste hiru lagunekin. “Euretako lau Bloke Naranjara etorri ziren, jarrera mehatxailearekin, onean edo txarrean sartuko zirela esanez. Gutako batzuk barrura sartu eta atea blokeatu genuen, beste batzuk gizonezkoekin eztabaidatzen jarraitzen zuten bitartean. 23:30erako, gizonekin lasai berba egitea eta egoera baretzea lortu genuen”.
Gizonezko horien bortizkeria zein bizilagunei buruzko “komentario arrazistak” egin izana salatu dute: “Galtzeko ezer ez dutenen jarrera erakutsi zuten. Gezurretan ari ziren; eraikinean bizitzeko beharrik zein asmorik ez dutela eta bertara sartzeko beste interes batzuk daudela agerian utzi zuten. Haiei buruz dakigunagatik lunpen proletalgoaren menpe dira. Beste desalojo ilegal baten saiakeraren aurrean gaude, jazarpenaren bidezkoa”.
Azaldu dutenez, orain dela bi aste, horietako gizon bategaz topo egin zuten portalean, eta giltzak emateko eskatu zieten. Etxebizitza batzuk hutsik zeudela esan zien, eta giltzak eman ezean, beste momentu batean itzuli eta “atea eraitsiko” zietela esan zieten.
Eztenako kideen ustez, eraso honen atzean “azpijoko bat” dago. Hain zuzen, Bloke Naranja birjabetu eta hilabete beranduago jasan zuten erasoagaz antzekotasunak somatu dituzte. 2018ko apirilean eraikinaren jabeak, abokatuagaz eta ertzainekin lagunduta sartu ziren eraikinera, eta etxebizitza batzuei sarrailak aldatu eta kamerak eta alarmak jarri zituzten. “Erasoan parte hartu zuen ertzain batek, epailearen aurrean hurrengoa deklaratu zuen auzi judizialean: ertzainen buruak, eraikinaren jabeek eta Jose Maria Gorroño alkateak bilera bat egin zutela erasoa adosteko. Horrez gain, jabeetako batek epailera desokupak kontratatzeko asmoa zuela adierazi zion, haien kontaktu txartela erakutsita”.
Erasoaren aurrean, Eztena proiektuak bere autodefentsarako zilegitasuna daukala eta hori beharrezko diren tresna eta mekanismo guztien bidez burutuko dutela aldarrikatu dute: “Norabide desberdinetatik datozen erasoek interes berberei erantzuten diete eta erasoen aurrean posizionatzeko beharrizana nabarmentzen dugu. Eztena proiektuaren azpiegiturazko beharrizanari erantzuten dio Bloke Naranjak. Gernikako eta eskualdeko etxebizitza problematikaren egoera gordinaren adierazle ere bada. Birjabetutako espazio hau gabe kalean geldituko dira hemen dauden hamar bizilagunak”.