Aniztasunaren zaporea bizi eta dastatzeko gonbita
Munduko Arrozak hamargarrenez egingo dute aurten. Leku aldaketagaz dator oraingo honetan; izan ere, Pasealekuan bildu beharrean, Astran elkartuko dira jai giroan, zapatuan.
Aniztasuna ospatzeko gunea eta espazioa da Munduko Arrozak, kulturartekotasuna bizitzeko aldarriaren gune edo espazioa. “Arroza gehien kontsumitzen den janaria da, eta jaialdi honetan, betiko legez, arrozak dira batzen gaituztenak”, dio Andreas Schäfter antolakuntzako kideak. Orain dela 16 urte Bilbon sortu zuten Munduko Arrozak, eta handik zabaldu zen Euskal Herriko hainbat txokotara. Gernika-Lumon finkatu eta sendotu egin dute ekimen moduan, eta aurten hamargarrenez bilduko dira.
Baina, jende gehiago hurbiltzea gura dute: “Hor badago oraindik ere potentzial bat. Parte hartzeko gonbidapena luzatzen diogu jendeari. Arroz ezberdinak dastatzeko gonbidapena ezeze jendearen zaporea, aniztasunaren zaporea bizi, dastatu eta ondo pasatzea da denon helburua. Goizetik hurbiltzea merezi du”
Hartu-emana sustatuz, elkar ezagutzeko espazioa da; ondo pasatzeko eta konpartitzeko hitzordu berezia. Arrozetatik hasi, eta zein bere esperientzia, kultura eta bestelako gauzak konpartitzeko eguna da: “Gure ustez aukera ezin hobea da. Argi daukagu horrelako espazioak beharrezkoak direla jendea euren artean hurbildu ahal izateko”. Gainera, garaiotan xenofobia eta antzeko jarrerak gero eta gehiago agertzen direla iritzita, horien aurrean diskriminazio horiek jasaten dituztenei elkartasuna adierazteko ere aprobetxatu gura dute eguna, “hori ere bada asmoa”.
AEK, Astra, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Ideasur, Ongi Etorri Busturialdeko Harrera Taldea eta 1 dedecembre elkarteak dira aurtengo sustatzaileak, eta zapaturako [uztailak 13] menu gozo bezain aberatsa sukaldatzen ari dira.
Leku aldaketa da aurtengo berrikuntza. Izan ere, Pasealekuan beharrean, Astran prestatuko dituzte arrozak eta bertan egongo dira gauera arte. Gogora ekarri dutenez, Astra bera ere bada kulturartekotasunaren adierazle: “Kanpotik etorritako auzokideak hurbiltzeko gunea ere bada-eta”. 10:00etan izango da sukaldaritza txapelketarako izen ematea, eta 14:30ak aldera hasiko dute herri bazkaria.
Kulturak bizi-bizirik daudela erakutsiko dute beste urte batez. Izan ere, musika eta dantza ere ez dira faltako. Kultur programazio autogestionatua egin ohi dute, eta aurreratu dutenez, dantza desberdinez gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. “Besteren artean, Bilbotik hurbilduko zaizkigu dantzari batzuk, Daniela Guzamenek ekialdeko dantzak irakatsiko dizkigu, tartean sabel-dantza eta saltsa ere edukiko dugu. Halaber, bertsoak bota eta elkarrekin herrialde desberdinetako abestiak kantatuko ditugu”.