Sankristobalei agurra eman diete busturiarrek
Irrintzi Alai Dantza taldeko gaztetxoek emanaldia eskaini dute gaur eguerdian. Ostean, ohitura handikoa bihurtu den Auto Apainduen lehiaketa egin dute San Kristobal auzoko plazan.
Busturiarrak aurtongo sankristobaletako azken orduak bizitzen ari dira. Gaur da santuaren eguna, eta urtero ospakizun bereziak egiten dituzte horren egun berezian. Gaur, mezatara joan ondoren, Irrintzi Alai Dantza Taldeko ume eta gaztetxoek urteroko emanaldia eskaini dute San Kristobal auzoko plazan, gurasoiei ikasturtean ikasitakoa agerian jarriz.
Besteak beste, ohikoak diren ezpata eta arku dantzak egin dituzte neska-mutilek; jai giroaz eta eguraldi onaz gozatu dute bertara hurreratu direnek.
Emanaldia bukatu ostean, dagoeneko tradizio handikoa bihurtu den Auto Apainduen lehiaketa egin dute. Ume zein helduak apaindutako ibilgailuak auzotarrei erakusten aritu dira. Autoekin batera motorrak, bizikletak eta umeentzako autoak ere aritu dira auzoko plaza kolorez eta motorren hotsaz betetzen.
Erakustaldia amaituta, irabazleak izendatu eta sariak banatzeko unea heldu da. Lur orotako ibilgailuen mailan Beñat Ateaga busturiarrak irabazi du Murueta Lorategiak emandako sari nagusia; autoen mailan berriz, bere auzotar Inhar Arrienek lortu du lehen saria, Krispin tabernaren eskutik.
Sankristobalak era ezin hobean agurtuz ari dira Busturiko bizilagunak, baina oraindik badago zer egin San Kristobaleko plazan. 20:00etatik aurrera Play Back lehiaketa egingo dute auzokoek.