Juana Molinak bere hirugarren denboraldia hasiko du Lointek Gernikan
Oraindik senda-agiria jaso ez badu ere, klub gernikarrak eskolta espainiarraren aldeko apustua berretsi du. Lesioa gaindituta, berriro ere mailarik onenean lehiatzeko ilusioz dago Molina, eta jokatzen gozatuz, taldeari laguntzeko gogotsu dagoela adierazi du.
Azaroaren 28an Gironaren kontrako Eurokopako partiduan min hartu zuen Juana Molinak eta denboraldiari agur esan behar izan zion. Belaunean ebakuntza egin zioten eta oraindik ez du medikuaren senda-agiria jaso. Halere, Gernika KESBek bere aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta gaur jakitera eman dute bere kontratu berritzea. Ciudal Realgo jokalariak bere hirugarren denboraldia beteko du Gernika-Lumoko taldean (zazpi partidu jokatu zituen aurreko denboraldian).
Azken hileotan errekuperatzeko lan handia egin du eskolta espainiarrak, eta errehabilitazioaren azken txanpan dago. Beraz, klub gernikarraren arduradunek irailean taldeagaz lanean hasteko moduan egotea espero dute.
Molinaren hitzetan, aurreko denboraldia oso gogorra izan zen, eta azken urteotan Dia Ligaren talde indartsuenetako bat izan denaren parte izaten jarraitzea “erronka eta oparia” dela azpimarratu du. Berriro ere mailarik onenean lehiatzeko ilusioz dago Molina, eta jokatzen gozatuz, taldeari laguntzeko gogotsu: “Gernika nire etxea dela sentitzen dut, eta berriro ere jokalari sentitu eta jokatzen gozatzeko eszenatoki onena da Maloste. Taldeagaz, taldekideekaz eta afizioagaz saskibaloian gozatzea izango da niretzat denboraldiko helburua. Soilik entrenatzera bueltatu ahal izatea oparia da”.
Belauna errekuperatuta daukala dio eta taldeko talde mekiduaren laguntza eskertu du: “Muskulazio prozesua fruituak ematen ari da, eta hori da nire lotailua babestuko duena. Errekuperazio lanean etenik barik ari gara, eta irailean %100 nagoela erakustea espero dut. Klubak eta taldekideek nigan konfiantza daukatela badakit, eta konfiantza hori bueltatu gura diet”.
Eduardo Candina Gernika KESBeko presidenteak kontratu berritzearen arrazoiak azaldu ditu. Haren berbetan, ondo ezagutzen dute eskolta espainiarra eta ziur daude mailarik onenean jokatzera bueltatuko dela: “Merezi du; pertsona moduan zein jokalari moduan zoragarria da”.