'Harresirik ez' ekitaldia eskainiko du Bermeoko Urdina taldeak
Kontzertua bariku arratsaldean egingo dute, hainbat gonbidaturen laguntzagaz.
Urdina taldeak ikuskizun berezia eskainiko du barikuan. Harresirik ez izeneko ekitaldiak adin eta leku guztietako pertsonak batuko ditu musikaren bitartez. Horretarako, Bermeoko “txoko adierazgarrienetako” batean egitea erabaki dute, Gaztelun hain zuzen ere.
Ekimena 20:00etan hasiko dela adierazi dute Urdina taldeko kideek. Lehenik, baina, udalerriko Addar taldearen maketa berriaren aurkezpena egingo dute. Rock talde gazteak bere kanta berriak ezagutzera emango ditu horrela publikoaren aurrean.
“Jendea musikak batu egiten duela” adierazi dute Urdinakoek, eta hori da ekimenaren helburu nagusia. Beraiek eskainiko duten kontzertuan “askatasunaren aldarria” egiten duten abestiak joko dituztela azaldu dute, harresiak guztiak behera botatzeko asmoz. Taldeak “ahotsaren harmoniari” ematen dio garrantzia, musika instrumentuen aurretik. Horrela, zeru berberaren azpian “sentsibilitate edota adin desberdinetako jendea” batzen dela adierazi gura dute.
Kontzertuan, gainera, Bermeoko ume eta gaztetxoen koruen laguntzagaz ariko dira Urdinakoak, herriko abestien nahasketa bat abesteko. Sarrera doakoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta mundu guztiari hurreratzeko gonbita egin diete.