Gazte artista bizkaitarren talentuaren erakusleihoa
‘ERTIBIL BIZKAIA 2019' arte plastikoen erakusketa Eskolondora ailegatu da. Pintura, eskultura, grabatua, argazkilaritza eta bideogintza batzen dituen artista gazteen erakusleiho ibiltaria uztailaren 30a arte egongo da Ean.
Pintura, eskultura, grabatua, argazkilaritza eta bideogintza arlo asko batzen ditu arteak, eta sortzaile askoren abaroa da Bizkaia. Artista gazteek erakusleihoak behar dituzte; euren lana ezagutara emateko beharra dute, eta horixe da ERTIBIL BIZKAIA 2019 erakusketa ibiltariaren helburua. Arte plastikoetan diharduten artista gazte bizkaitarren topagunea da; horiek asko baitute erakusteko, euren lanen bidez asko dute esateko.
Hain zuzen ere, euren sorkuntza lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea dira ERTIBIL-en helburuak. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurtengo erakusketa hau hamazortzi artisten hamazortzi obrak osatzen dute. Artista horietako bat da Estibaliz Gutierrez bermeotarra. Bideoaren denbora eta argazkiaren eta argiztapen naturalaren eta artifizialaren plano finkoa kontrajartzen ditu bere Atardecer fallido lanak.
Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren berbetan, Bizkaiko gazte artista sortzaileen jarduera sortzailearen hedapen eta ikusgaitasunaren aldeko apustua egiten du: “Ikus-enntzunezko arteen esparruko proiektu beterano bat da eta gazte sortzaileen espektro artistikoaren lanik berritzaile eta sortzaileenek lekua dute bertan. Joera sortzaile berriak eta gure lurraldeko kultura eta artea sortu eta ezagutarazteko behar den bultzada instituzionalaren emaitza da”. Bilbaok azaldu duenez, programa honekin “komunikazio berriak” sortu nahi dituzte herritarrekin eta era berean, sortzaileen eta gizartearen arteko “distantziak txikiagotu” gura dituzte.
Bisita gidatua. Maiatzaren 30ean Bilboko Rekalde aretoan inauguratu zuten ERTIBIL BIZKAIA 2019 erakusketa ibiltaria Eskolondoko bigarren solairuko aretoan dago uztailaren 30a arte (astelehenetik barikura, 17:00-20:00). Gainera, uztailaren 19an Natalia Suarez gasteiztarraen eskutik bisita gidatua egingo dute (bere lanetako bat da erakusketan dagoena).
Arte plastikoen erakusketa ibiltariak 37. edizioa du aurtengoa eta Bizkaiko zazpi udalerritan ikusi ahalko da abenduaren amaierara arte. Hain zuzen, Eatik Balmasedara egingo du salto, eta ondoren, Elorrion, Arrigorriagan, Eibarren eta Getxon jarriko dute.
Erakundeen arteko lankidetza etorkizun hurbilean sendotzen jarraitu behar dutela zehaztu du Euskara eta Kultura diputatuak. “Bizkaiko udalek ere ERTIBIL programarekin egin ohi duten lana aipagarria ezeze aitortzeko eta eskertzekoa da”.