Esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko elkartasun olatuak
Busti Zaitez kanpainagaz bat egingo dute domekan, Bermeon, Elantxoben, Gernika-Lumon, Ibarrangelun eta Mundakan. Sukarrietako udalekuetan, berriz, barikuan egingo dituzte elkartasun bainuak.
Busti Zaitez kanpaina hemen da beste urte batez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 70 bat igerileku eta hondartzetan egingo dute aurten. Elkartasuna eta babesa erakutsi gura dituztenek, Bermeon, Elantxoben, Gernika-Lumon, Ibarrangeluko Laga hondartza eta Mundakan izango dute horretarako aukera domekan [uztailak 14]. Sukarrietako udalekuetan dauden ume eta gaztetxoek, ostera, barikuan [uztailak 12] egingo dute bat ekimenagaz.
Egun osoan bainatzen diren guztiek diploma bana jasoko dute, eta egunaren amaieran herri guztietan igerian egindako metroak batuko dituzte ekitaldi sinboliko batean. Eguneko ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzen egingo dute, 12:00etan. Jakitera eman dutenez, euskal jendartearen aurpegi ezagunak batuko dira bertan. Esclerosis Multiple Eugenia Epalza Fundazioko 200 boluntariotik gora egongo dira han eta hemen informazioa ematen eta kamisetak eta bestelako materiala saltzen.
Katuky Saguyakik diseinatu du aurtengo Busti Zaitez-en irudia eta urrira arte salduko dute materiala Forum Sport dendetan zein Abadiñoko, Etxebarriko, Gordexolako, Leioako, Markina-Xemeingo, Portugaleteko, Ortuellako eta Trapagarango kiroldegietan.
Esklerosi anizkoitza ezagutarazi eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen errehabilitazio zentroetarako dirua biltzea dira kanpainaren helburu nagusiak. Orain dela 22 urte Barakaldoko Gorostiza igerilekuan egin zuten lehenengo Busti Zaitez, eta ordutik urtero-urtero milaka euskal herritar bustitzen dira Esclerosis Multiple Euskadi elkartearen hitzorduan.
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko nagusienetako da. Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2.600 pertsonari eragiten die. Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea 2001an sortu zuen Esclerosis Multiple Eugenia Epalza Fundazioa gaixotasun honen kontrako borrokan aurrera egin, ikerketa bultzatu eta hiru lurraldeetako elkarteei beharrezko bitartekoak (material zein ekonomikoak) emateko. Gainera, ISO 9001:2000 kalitate ziurtagiria lortu duen esklerosi anizkoitzaren aldeko lehen elkartea da. Fundazioaren lana aitortzen die agiriak, sentsibilizazioan, komunikazioan eta ekitaldi sozial eta zientifikoak antolatzen egindako lana, alegia.
Aipatu elkarteek psikologia eta fisioterapia zerbitzuaz gain, bestelako terapia eta ekintzak eskaintzen dizkiete esklerosi anizkoitza daukaten pertsonei.